Olarro Eguneko argazki rallya izango da aurten ere

Mireia Galarza Bastida 2023ko irailaren 4a

Iazko irabazleak. (Artxiboa)

Izen ematea egun berean izango da, Alondegiko Oxford aretoan, 09:00etatik 10:00etara. Orduan jakinaraziko dituzte argazkiak egiteko gaiak.

Irailaren 23an izango da aurten Olarro Eguna, eta horrekin batera argazki rallya ere izango da aurten. XVII. edizioa izango da aurtengoa, eta eguardira bitartean ateratako argazkiak jasoko dituzte. Kamera digital bat duen edonork parte hartu dezake egun horretako rallyan, eta Olarro Egunean bertan udalerri barruan ateratako argazkiak aurkeztu ahal izango dituzte, izena ematerako momentuan zehaztutako gaiak oinarri hartuta. Parte hartzaile bakoitzak bost argazkiz osaturiko bilduma aurkeztu beharko du, gai bakoitzeko argazki bat. Hemen ikus daitezke rallyan parte hartzeko oinarriak. 

Izen ematea Alondegiko Oxford aretoan egingo da irailaren 23an -larunbata- goizeko 09:00etatik 10:00etara. Izena ematean helduei herriko txosnetan olagarroa dastatzeko txartel bat emango zaie opari, eta 16 urte baino gutxiago dituzten gazteei Zumaiako GERTU merkatari eta ostalari elkarteko establezimenduetan gastatzeko 10 euroko txartel bana emango zaie sari banaketaren ondoren. 

Erabakia ospe handiko argazkilariz osatutako epaimahai batek hartuko duela adierazi dute antolatzaileek, eta honako sariak banatuko dituzte: lehenengo bildumarentzat 200 euroko balioa duten GERTU erosketa bonuak eta garaikurra; bigarren bildumarentzat 150 euroko balioa duten GERTU erosketa bonuak; eta hirugarren bildumarentzat 120 euroko balioa duten GERTU erosketa bonuak. Lehenen sailkatzen den herritarrarentzat, berriz, 100€-ko balioa duten GERTU erosketa bonua emango zaio.. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide