Irati Osa: "Amestutako denboraldia izan da, helburu guztiak bete ditut"

Mireia Galarza Bastida 2023ko irailaren 4a

Irati Osa asteburuko txapelketan. (Utzitakoa)

Zumaiarrak hiru txartel zituen Munduko Maratoi Txapelketan. K1 maratoi motzean hamabigarren sailkatu da, eta K2 modalitateko maratoian seigarren. Osasun arazoak tarteko, K1 maratoian ez lehiatzea erabaki zuen. 

Asteburu erabakigarri bezain gogorra izan da igaro berri dena Irati Osa piraguista zumaiarrarentzat. Munduko maratoi txapelketa jokatzeko hiru txartel zituen zumaiarrak Danimarkan: K1 maratoi motza, K1 maratoia eta K2 maratoia.

"Ostegunean neukan K1 maratoi motzeko proba, baina aurreko gauen botaka hasi nintzen, eta gaixo joan nintzen probara", azaldu du Osak. Jaten zuen guztia botatzen zuela gaineratu du, eta, horrenbestez, "ia batere indarrik gabe" joan zen osteguneko probara. Nolanahi ere, goizean jokatutako finalaurrekoan hogei onenen artean sailkatzea lortu zuenez, arratsaldeko finalera sailkatu zen. "Pixka bat hobeto sentitu nintzen arratsaldean, eta hamabigarren amaitzea lortu nuen. Pozik nago emaitzarekin egoera kontuan hartzen badugu, baina gehiago merezi nuela iruditzen zait", dio Osak. 

Ostiralean entrenamendurik ez egitea erabaki zuen kirolariak, deskantsatzeko, eta egoera aztertuta, K1 modalitateko distantzia luzean ez lehiatzea erabaki zuen. "Oso erabaki gogorra izan zen, oso ondo prestatuta nengoelako distantzia horretarako, baina bertan lehiatuz gero ez nekien igandeko K2ko proban nola egongo nintzen, eta ez egitea erabaki nuen", azaldu du. Igandean, K2ko lasterketan atera zen Osa, eta seigarren amaitzea lortu zuen. Azaldu duenez, "maila ona" eman zuten: "Nik asko sufritu nuen, baina gustura geratu naiz egindakoarekin". 

Asteburukoarekin, amaitutzat eman du denboraldia zumaiarrak. "Oso gustura nago denboraldi honetan egindako lanarekin, amestutako helburu guztiak bete ditudalako. Hala ere, pena pixka bat sentitzen dut horrela amaituta, baina gaixo egonda, ezin nion nire gorputzari gehiago eskatu asteburuan", aitortu du. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide