Jai Alai League izeneko zesta puntako txapelketa jarri zuten abian pasa den urtarrilean; iparraldeko eta hegoaldeko txapelketak barne hartzen dituen liga bateratua, hain zuzen ere. Txapelketa berri hau sortzeko elkartu ziren Donibaneko 'Nazioarteko' txapelketa, Biarritzeko Urrezko Xistera (Gant D'Or), Paueko Kopa (Pau Cup) eta Gernikako Winter Seriesa.
Hilabete hauetan zehar jokatu dira Gernikako Winter Series txapelketa, Donibane Lohizuneko Nazioartekoa eta Biarritzeko Urrezko Xistera, eta bihar iluntzean jokatuko da ligako azken partidua: Paueko Kopa.
Hori horrela izanik, bihar Paueko pilotalekuan jokatuko dute norgehiagoka; Iñaki Osa Goikoetxeak eta Imanol Lopezek osatutako bikoteak Johan Sorozabalek eta David Minviellek osatutako bikotea izango dute aurrez aurre. Horrenbestez, final honetan erabakiko dira Jai Alai League txapelketako azken fasean sailkatuko diren pilotarien izenak. Durangoko Ezkurdi pilotalekuan jokatuko dute final handia, urte amaieran.
21:00etan jokatuko dute partidua, eta ikusteko aukera egongo da Youtubeko 'Cesta Punta Pro Tour' katean, baita telebistan ere, 'Canal Plus Sport' katean eta ETB1 katean, ostiralean, 23:00etan.