Azken egunak dira Zumaiako Triatloian izena emateko

Maria Maya Manterola 2023ko irailaren 7a

2022ko probaren hasiera.

Lehenbizikoz parte hartu ahal izango dute federatu gabekoek lasterketa horretan. Irailaren 16an jokatuko dute proba, arratsaldez.

Irailaren 16an jokatzekoa den Zumaiako Triatloirako guztia prest dute antolatzaileek. Parte hartuko duten kirolarien zerrenda zehatza osatzea besterik ez zaie falta. Horri lotuta, sprint distantzian parte hartu nahi duten federatu gabeko kirolariek astelehenera bitarte izango dute izena emateko aukera.  

Zumaiako Triatloi Taldeak bi lasterketa antolatu ditu urtero legez; alde batetik, X. Zumaiako Triatloi Herrikoia, eta, bestetik, XVI. Zumaiako Sprint Triatloia. Bi lasterketek irteera Gernika pasealekuan izango dute.

Sprint distantziako proban, ordea, aldaketak izango dira ibilbidean. Aurreko urteko triatloiaren ondoren, inkesta bat helarazi zieten kirolariei, "euren eskakizunak eta proposamenak jasotzeko". Inkesta horren galderetako bat honakoa zen: "Bizikletako proba egiteko, malda ala ibilbide laua duzu nahiago?". Zumaiako Triatloi Taldekoen harridurarako, maldak gustuko zituzten parte hartzaileen kopurua handiagoa zen besteen aldean. Horregatik, aurtengo edizioan malda bat igo eta jaitsi beharko dute triatletek. "Hurrengo urteari begira, proba modura erabiliko dugu aurten egingo dutena". Hori horrela, Meagan 500 metroko malda gora eta 500 metrokoa behera egingo dituzte parte hartzaileek. "Malda motza da, baina zer moduz ateratzen den ikusi nahi dugu", azaldu dute. Izan ere, Zumaiako Triatloiaren ezaugarri nagusia da  bide lauak dituela, eta antolatzaileen hitzetan, "horrek jende gehiago erakartzen du".

Federatuen pare

Aurtengo edizioan, aurrekoetan ez bezala, federatu gabeko kirolariek ere sprint distantzian lehiatzeko aukera izango dute. Orain arte, proba herrikoian 159 kirolarik eman dute izena; sprint distantzian, berriz, 309 lagunek. Zumaiako Triatloi Taldeak herritar oro animatu nahi izan du proba egunean parte hartzera.

Dena den, gaineratu dute proba herrikoiak kirola lehenbizikoz probatzeko aukera paregabea eskaintzen duela, eta herritarrak animatu dituzte izena ematera. Guztira, bi probetako kirolariak gehituta, 600 lagunek parte hartu ahal izango dute.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide