Bueltan da Irakurri Matte irakurle taldea

Intza Trula 2023ko irailaren 7a

Irakurri Matte taldearen saio bateko irudia. (Artxibokoa)

Ikasturte hasierarekin batera bueltan da Irakurri Matte irakurle taldea eta Gaël Fayeren Ene herri txikia eleberria izango dute lehen saioan mintzagai. Hilaren 12an bilduko dira, 18:00etan, Alondegiko Moila gelan.

Ikasturteko lehen saioa egingo du Irakurri Matte irakurle taldeak hilaren 12an, datorren asteartean. Uxue Alberdi idazle eta literaturzaleak gidatzen du irakurle taldea eta, datorrena hamabigarren ikasturtea du Zumaian. Urtero legez, hilean behin Alondegiko Moila gelan bilduko dira, irakurritakoak norberari sorrarazitakoa gainontzeko partaideekin partekatzeko.

Hori horrela, lehen saiorako hautatu duten eleberria Gaël Faye abeslari, rap musikari eta idazle ruandar-frantziarraren Ene herri txikia eleberria da. Horrenbestez, irailaren 12an 18:00etan bilduko dira taldekideak, ohi bezala, Alondegiko Moila gelan.

Era berean, udazkeneko irakurgaiak zeintzuk izango diren ere jakinarazi dute: urriaren 10ean Garazi Arrularen Lurraz beste aztertuko dute, idazlea bertan dela. Bestetik, azaroaren 14an, Sherwood Andersonen Winesburg, Ohio eta, urtea bukatzeko, abenduaren 12an, Bihurguneko nasa, Uxue Apaolaza bertan dela.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide