Goikoetxea eta Lopez sendo nagusitu dira Paueko Kopako finalean. Johan Sorozabal eta David Minvielle izan zituzten aurkari atzo iluntzean jokatutako partidan, eta 9-15 eta 4-15 irabazi zituzten bi setak zumaiarrek. Goikoetxea eta Lopez, gainera, Jai Alai Leagueko aurrelari eta atzelari onenak izendatu dituzte, hurrenez hurren.
Nabarmentzekoa da Lopezen lana. Ondo kokatuta eta eroso aritu zen partida osoan zehar, eta Minvielle bearnesak ezin izan zuen menderatu. Goikoetxeak, berriz, denboraldiko unerik onenean dagoela erakutsi zuen atzokoan. Izan ere, udako lehen txapelketekin alderatuta, koska bat gorago suma zitekeen Paueko Kopako finalean.
Jai Alai Leagueko lau txapelketatik hiru poltsikoratu ditu Lopezek (Winter Series, Biarritz eta Pau). Aipatzekoa da Donibane Lohizuneko finalean ezin izan zuela jokatu, gainera. Goikoetxeak, berriz, bi irabazi ditu, Biarritz eta Pau, Lopezekin batera.