Tokikomek EITB Saria jaso du Gasteizko FesTVal jaialdian

Erredakzioa 2023ko ira. 10a, 08:00

Tokikomeko ordezkariak, atzo iluntzean Gasteizen. (Tokikom)

Euskal Irrati Telebistak komunikabide hau parte den Tokikom taldeari eman dio EITB Saria, jaialdia ixteko Principal Antzokian atzo iluntzean egindako itxiera galaren barruan.

Tokikomek EITB Saria jaso zuen atzo iluntzean Gasteizko FesTVal jaialdian. Tokikomek Euskal Herri osoko euskarazko 78 toki komunikabide batzen ditu, herriz herri eta eskualdez eskualdeko eguneroko informazioa batzen dutenak, tartean UKTko komunikabideen –Baleike, Erlo telebista, Karkara, Maxixatzen, Urola Kostako Hitza, Uztarria eta Zarauzko Hitza– euskarri ezberdinak. Sariarekin, EITBk Tokikomen 10 urteko ibilbidea nabarmendu nahi izan du, eta euskal esparru komunikatiboaren alde egindako lana aitortu. Toki komunikabideen lanaren garrantzia azpimarratzeaz gain, Tokikomek elkarlan eredu berriak garatu ditu, tartean EITBrekin berarekin, sektorearen hedapena sustatu eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko.

Tokikom eta EITBren arteko elkarlan hori hainbat ekimenen bidez gauzatzen da gaur-gaurkoz. Hala, Tokikomeko hainbat komunikabidetako kazetariek Euskadi Irratiko Baipasa magazinean parte hartzen dute astero, tokian tokiko ekimenen berri emateko. Saretzen proiektuaren bidez, berriz, EITBko zein Tokikomeko kazetariek datu kazetaritzaren inguruko lanketa egiten dute elkarrekin. Eta Primeran ikus-entzunezko plataformaren garapenean ere elkarlan estua izaten ari da bi taldeen artean, toki komunikabideen ikus-entzunezko edukiak plataforman eskuragarri egon daitezen.

Tokikomeko zuzendariak, Alaitz Artolazabalek, eta presidenteak, Iban Arantzabalek, jaso zuten saria atzo iluntzean. Biek ere pozez eta eskertuta hartu zuten saria. Artolazabalek nabarmendu zuenez, "EITB bezalako enpresa handi batek Tokikomen txikitik egiten dugun ahalegina aitortu izana oso berri pozgarria da, honelako jaialdi batean euskara hutsezko hedabideak aitortzea pozgarria den bezalaxe". Arantzabalek, bere aldetik, azpimarratu zuen "globalizazioaren aroan, zero kilometroko komunikazioak inoiz baino garrantzi handiagoa" duela "gizarte demokratiko eta kohesionatua bermatzeko", eta zeregin horretan "ezinbestekoa" dela euskal hedabideen arteko lankidetza. "Tokian tokikoak komunitate biziak dira, eta komunikazio gertuko eta fidagarriak behar dituzte".

30 bazkideko taldea

Tokikom 30 bazkidek osatzen dute, guztira 78 toki komunikabide kudeatzen dituztenak. 250 langile baino gehiagok dihardute bertan, Zero kilometroko komunikazioa lantzen: gertuko komunitatearekin bat eginda, informazioa bertatik bertara lantzeko, inguruko norbanako eta entitateekiko konpromisotik, modu zintzo eta profesionalean. Informazioa bertatik bertara lantzen du bitartekaririk gabe, iturriak kontrastatuz eta zurrumurruei bidea itxiz.

Tokikomeko hedabideak kolore eta joera guztietako biztanleengana heltzen dira. Eraginkortasunez eta baliabideei ahalik eta atarramendu handiena ateraz, konpromisotik eta komunitatea bera hobetzeko ahaleginean ale bat gehiago jarriz.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide