Hilabete baino gutxiago geratzen da aurtengo Flysch Trail lasterketarako; urriaren 8an izango da, eta egingo diren bi lasterketetarako ibilbideak prest daudela jakinarazi dute antolatzaileek. Bi distantziatan korritu ahal izango dute parte hartzaileek; lehenengo lasterketak 14,9 kilometro eta 560 metroko desnibel positiboa izango ditu, besteak, aldiz, 22,75 kilometro eta 1.000 metroko desnibel positiboa.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez bi ibilbideek dituzte berrikuntzak, eta lasterketa egunaren aurretik ibilbide horietan barrena ibili badaiteke ere, badaude hainbat salbuespen: esaterako, Santaklaratik Andikako pasabideak ezingo dira erabili. Santaklara baserritik joan beharrean errepidetik egin beharko da, Agerre baserri paretik pasatzen den ohiko bidetik. Kontuan izanda Flysch Trailaren helburuetako bat ingurumena zaintzea dela, arau hori betetzea bidezkoa eta beharrezkoa dela azpimarratu dute antolatzaileek.
Hori horrela, 09:30ean abiatuko da lasterketa luzea, 10:00etan, berriz, motza. Antolatzaileek azaldu dutenez 600 korrikalari izango dira guztira proba egunean; 400 luzean eta 200 motzean. 600 horietatik laurdena emakumezkoak izango dira.