Euskara ikasteko dirulaguntzak eskatzeko epea zabaldu berri du Zumaiako Udalak. Bereziki udan egindako ikastaroei zuzenduta egongo dira laguntzak, eta urriaren 13ra bitartean izango dute herritarrek eskaera egiteko beharrezko dokumentazioa aurkezteko epea. Bestetik, Zumaiako AEK euskaltegian matrikulatzeko epea ere zabalik dago jada, irailaren 22ra arte. Gainera, ikasturte honetan eskaintza berezi bat egongo da; 16-18 urte bitartekoek C1 mailako ikastaroa prestatzeko HABEren laguntza bati esker, matrikulatzerakoan 20 euro bakarrik ordaindu beharko dituzte.
Hori horrela izanik, helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egiten dituzten zumaiarrak izango dira Udalaren laguntzen onuradun, eta, horretarako, ezinbestekoa izango da honako baldintzak betetzea:
- Zumaian erroldatuta egotea.
- Gutxienez, % 80ko asistentzia edo aprobetxamendua egiaztatzea.
- Betebeharrak eguneratuak izatea Udalarekin, Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekin.
Balindintza horiek betez gero, langabeek matrikularen % 100 eskuratzeko aukera izango dute ikastaro guztietan; gainerako ikasleei gehienez % 75 ordainduko zaie. Udalak gehienez 600 euro ordainduko ditu urritik ekainerako ikastaroetan, eta gehienez 200 euro uztailetik irailera bitartekoetan.
Aurkeztu beharreko dokumentazioa
- Eskabidea beteta.
- Ikastaroa ordaindu izanaren egiaztagiria.
- Asistentzia ziurtagiria.
- Hirugarrenen alta emateko agiria.
- HABEren dirulaguntzen 2023ko deialdian eskaera aurkeztu izanaren agiria (maila egiaztatu edo dagokion atalasea gainditu duten ikasleek bakarrik).
Eskaerak udaletxeko Heritarren Arreta Zerbitzuan edota www.zumaia.eus webgunean egin daitezke, urriaren 13ra bitarte. Horrez gain, deialdia osorik eta agiri guztiak ikus daitezke Zumaiako Udalaren dirulaguntzak atalean. Era berean, zalantzak argitzeko Euskara Zerbitzuarekin jarri daiteke harremanetan 943-86 50 25 zenbakian edo euskaratxanpan@zumaia.eus helbidean.