Nazioarteko Geoparkeen Kongresuan izan zara Marrakexen.
Bai. Leire Barriuso [Geoparkeko kudeatzailea] eta biok izan gara han, Euskal Kostaldeko Geoparkearen ordezkari. Bi urtean behin egiten da. Geoparke batean egiten da, eta munduko geoparke guztiak biltzen ditu. Guztira, 90 lurralde ezberdinetako 200 geoparketik gorako 1.300 pertsona inguru bildu ginen.
Ostegunean hasi zen kongresua, eta aurrez, UNESCOko zuzendaritzako zenbait bilera izan ziren. Aurkezpen mordoa izaten dira; guk, Geoparkeko zenbait gauza desberdin azaldu genituen.
Non harrapatu zintuzten lurrikarak?
Ostiral gauean izan zen. Leire eta biok Marrakexeko plaza nagusian geunden, Espainiako beste geoparke batzuetako kideekin afaltzen. Plaza hori jendez beteta egoten da; bizitzaz beteta. 23:00ak jota agurtu ginen, eta niri taxi batean harrapatu ninduen. Hotelera nindoan.
Medina horma handi batzuekin babestuta dago, eta handik atera ginen. Taxilaria azaltzen ari zitzaidan horma horien atzean zegoela luxuzko hotel bat, eta ustekabean soinu erraldoi bat entzun genuen. Medinako horma horiek hauts pilo bat ateratzen hasi ziren. Zati batzuk erortzen hasi ziren, eta hor konturatu ginen zerbait gertatzen ari zela.
Nola erreakzionatu zenuen?
Taxilariak asmatu zuen kaos hartatik ateratzen eta bost minutuan heldu nintzen hotelera. Jendea maletak egiten eta aireportura joaten hasi zen. Ez du inongo zentzurik, baina horrela da. Igerilekuko hamaketan pasa genuen gaua, posible zelako erreplikaren bat egotea. Kanpoaldeko eraikin modernoek pitzadura handiak zeuzkaten. Bigarren bat egon zen, 4,5ekoa.
Ez zen eraikin handirik erori, baina bai pareta zatiak, eta horiek sekulako hautsa altxatzen dute. Kaos handi bat sortu zen.
Lurrikara bat izan zitekeela pentsatu al zenuten?
Hotel berean neuzkan konferentzian parte hartzen ari ziren Japoniako eta Mexikoko zenbait geologo. Lurrikaretan adituak dira, baina esan zidaten sekula ez zutela halakorik bizi izan.
Minutu erdi batean gertatu zen, eta ez zidan denborarik eman zer gertatu zen pentsatzeko. Hotelera iritsi nintzenean jabetu nintzen lurrikara bat izan zela. Kotxe barruan ez genuen dardararik sentitu, kotxeak berak leuntzen dituelako dardarak.
Leirek bai. Hotelean zegoen, eta han sarreran harrapatu zuen.
Zu zeu ere geologoa zara. Zergatik gertatu zen?
6,8koa izan zen, nahiko bortitza. Suntsikorra izan da, epizentroa sakonera gutxikoa delako. Marrakextik hegoaldera 70 bat kilometrora dago epizentroa, Atlas mendietan. Inguru hori ez da sismikoki oso aktiboa; sorpresa handi bat izan da. Baina beste mendikate guztiek bezala, Atlasek ere faila pilo bat ditu, eta horrek erakusten du oraindik ere mendikate aktiboa dela. Faila alderantzikatu batean gertatu da, eta horrek esan nahi du konpresioarengatik materialak bata bestearen gainean kokatzen direla. Hori ez da ohikoa lurrikaretan, normalean zeharkako failetan gertatzen direlako. Turkiakoan, esaterako. Lurra alde batera eta bestera mugitzen dute horiek. Faila normaletan, berriz, lurra beherantz erortzen da.
Kasu honetan, nolabait esateko, materialak bata bestearen gainean muntatzen dira. Afrikak Europaren aurka egiten duen presio horren ondorio dira Atlasak. Pirinioak ere bai; Iberiar penintsula horregatik dago hain zimurtuta. Gertatutakoak erakusten du Afrikaren eta Europaren arteko talka hori aktiboa dela.
Etxean zara dagoeneko.
Bai. Zaurgarriak gara naturaren aurrean, baina hausnarketa nagusia da badaudela batzuk besteak baino askoz ere zaurgarriagoak direnak. Kasu honetan, herri txiki horietan bizi diren pertsona xumeak dira, ia ezer ez dutenak, eta beraien etxea eta gauza guztiak galdu dituztenak. Gure kasuan anekdota bat besterik ez da izan.
Geologoa naizen aldetik, beti izan dut jakin-mina lurrikara bat sentitzeko. Lurraren indarraren adierazpen nagusiena da. Hemen ez daukagu aukerarik horrelakorik sentitzeko.
Tokatu zait bizitzea, eta jakin-min hori bat-batean beldurra bilakatzen da.