Olagarro Eguneko bazkariko txartelak, kamisetak eta zapiak, bihartik salgai

Maria Maya Manterola 2023ko ira. 13a, 13:00

Irailaren 23an ospatuko da aurten Olagarro Eguna, eta goizean goizetik hasita, musika, dantza eta festa giroa izango da nagusi. Ohi bezala, olagarro brotxetak eta olagarro zopa dastatzeko aukera izango da txosnetan.

Ia guztia prest du Zumaiako Udalak aurtengo Olagarro Egunerako. Izan ere, datorren astean ospatuko da, hilak 23, eta urtero bezala, egun osoan zehar gastronomiari eta jai giroari lotutako jarduera andana izango da herrian.

Herrian zehar jarriko dituzten postuetan olagarro brotxetak nahiz olagarro zopa dastatzeko aukera izango da. Goizean elikagaien azoka izango da Erribera kalean, eta Argazki Rallya ere bai herri osoan zehar. Haurrei zuzenduriko tailerrak ere antolatu dituzte, eta gainera, Kofradiako arrainen salmenta aretoa ezagutzeko beta ere izango dute herritarrek 11:00etatik 14:00ak bitartean. 

Udalak jakinarazi du txosnetan erabiliko diren ontzi eta tresna guztiak konpostagarriak izango direla, "halako festa egunetan sortzen den hondakin kopurua murrizteko eta sortzen dena birziklagarria izan dadin". Herritarrei hondakinak behar bezala banatzeko eskatu die, bestetik. 

Festa denentzako espazio atsegin eta segurua izan dadin, gainera, eraso eta jarrera matxisten aurka egiteko eskatu du. Festak ingurukoekiko nahiz inguruarekin errespetuarekin gozatzeko deia egiteaz gain, kontsumo arduratsua izan dezaten eskatu die udalak herritarrei. 

Herri bazkariko txartelak, bihartik salgai

Bihartik salgai izango dira Zumaiako Turismo Bulegoan herri bazkariko txartelak. Helduek 9 euroren truke eskuratu ahal izango dute; haurrek, 6 euroan. Olagarro Egunean ohikoa den granate koloreak hartuko du herria, eta nahi duenak eskuragarri izango ditu kamisetak eta zapiak ere Turismo Bulegoan, 9 eta euro baten truke, hurrenez hurren. 

Zopa, herriko ondare

Olagarro Egunean bertan ez ezik, datozen egunetan ere izango dira gai berarekin lotutako jarduerak. Irailaren 21ean hasi eta urriaren 15era artean, esaterako, Javier Carballo argazkilari zumaiarraren bilduma ikusi ahal izango da Alondegiaren sarreran. 

Erakusketa zabaltzen den egun berean, hilaren 21ean, mahai-ingurua izango da Oxford aretoan: Inazio Manterola biologiaren ikuspegitik arituko da; Mari Carmen Eizagirrek, Jose Maria Sacristanek eta Martin Etxabek olagarroa hartzeko erak aurkeztuko dituzte; eta Ibon Uranga kozinatzeko modu desberdinez ariko da.

Olagarro Eguna
  • Goiz partean XVII. ARGAZKI RALLYA. Izen ematea 09:00etatik 10:00etara, Alondegiko Oxford aretoan. 
  • 10:30etik 14:30era Erribera kalean, ELIKAGAIEN AZOKA
  • 10:30ean hasita HAUR ETA GAZTETXOENTZAT JOLASAK, Itxas-Gain elkarteak antolatuta. Arbustaingo arranpla parean, piraguak eta uretako jolasak; eta Gernika parkean, zinta harrapatzea bizikletan, eltzetxoak puskatzea, etab. 
  • 11:00etan kuadrillen arteko batel estropada, OLARRO EGUNEKO XV. BANDERA, Telmo Deun arraun elkarteak antolatuta.
  • 11:00etatik 13:00etara, Eusebio Gurrutxaga plazan, olagarroarekin egindako SUKALDARITZA ERAKUSTALDIA. 
  • Goiz partean, OLAGARRO ZOPA txosnetan. 
  • 11:00etatik 13:00etara (bi txanda), Algorri interpretazio zentroan 6-10 urte bitarteko haurrentzat doako TAILERRAK. Aurrez izena eman behar da: info@algorri.eus edo 943143100. 
  • 11:00etatik 14:00etara ATEA ZABALIK Kofradian, ARRAINEN SALMENTA ARETOA ikusteko.
  • 11:15ean HAMAIKETAKOA olagarro harrapatzaile izandakoentzat. 
  • 11:30ean herriko txistularien KALEJIRA Astindu taldearekin.
  • 12:30ean KALEJIRA Zutrik trikitilarien eskutik. 
  • 14:30ean HERRI BAZKARIA, Eusebio Gurrutxaga plazan.
  • 17:00etan, “Flyscheko olagarroa” BISITA GIDATUA euskaraz (gaztelaniaz  18:30etan) %50eko deskontua kode hau erabiliz: olarroeguna.  Erreserbak: www.geoparkea.eus.
  • 17:00etatik 19:00etara ATEA ZABALIK KofradianARRAINEN SALMENTA ARETOA ikusteko.
  • Arratsaldez, OLAGARRO BROTXETAK txosnetan.
  • 19:00etan HAMARRU ELEKTROTXARANGA herriko kaleetan. 
  • 19:30ean Kofradian, Olarro eguneko XV. Bandera emango zaie batel estropadako irabazleei.
  • 22:00etan DJ LUJI eta DJ LOTI Eusebio Gurrutxaga plazako karpan.
  • 22:00etan Kofradian, ERROMERIA SUKAR taldearekin.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide