Lan gogorraren eta konstantziaren isla izan da aurtengo denboraldia Telmo Deuneko emakumeen traineruarentzat. Bigarren sailkatu da ETE ligan, lehenengo amaitu duen Kaikurengandik lau puntura. Horrez gain, Kontxako Banderaren lehian ere izan da, eta asteburu honetan du denboraldiko hitzordu garrantzitsuena: Euskotren ligara igotzeko kanporaketa jokatuko du; play-off kanporaketa, alegia. Jule Egiguren zumaiarra, Laia Aranbarri azkoitiarra eta Argia Ibar getariarra dira Telmo Deuneko traineruaren arraunlarietako hiru, eta asteburuko hitzorduaren inguruan hitz egin dute elkarrizketan.
Denboraldia ezin hobeto hasi zuten Kike Manterolak zuzendutako emakumeek, Donibane Lohizunen jokatutako estropadan bandera irabazi baitzuten. Jule Egiguren Telmo Deuneko arraunlariak azaldu duenez, horrek bultzada eman zien aurretik zituzten hitzorduei heltzeko: "Indarra eman zigun liga bandera batekin estreinatzeak; ikusi genuen gu ere borrokatzeko gai ginela eta aurrera egin behar genuela". Era berean, Argia Ibar taldekideak taldearen balorazio positiboa egin du, eta denboraldi osoan zehar "oso erregularrak" izan direla azpimarratu. Gainera, estropada batzuetan zenbait puntuk ihes egin badiete ere, ez dituzte goiko postu horiek begi bistatik galdu.
Play-off-era sailkatzea abuztuaren 19an lortu zuten Zumaiakoek; Zarauzko Ikurrina irabazi eta bandera etxera ekarri zuten asteburuan, hain zuzen ere. Orduan bildu zituzten puntuei esker, sailkapeneko bigarren postua matematikoki bermatzea lortu zuten. Laia Aranbarri arraunlariaren esanetan, denboraldiaren erdialdean ikusi zuten play-off -a jokatzeko aukera zutela: "Estropadak aurrera joan ahala, Zarautzekiko aldea handitzen joan ginen, eta denboraldiaren erdialdean txartela lortzea posible zela ikusten hasi ginen". Egiguren ere ados agertu da Aranbarrik esandakoarekin: lortzen ari ziren puntuen aldearekin, sailkapen fasea jokatzeko aukera galtzeko "zerbait oso gaizki" egin behar zutela dio arraunlari zumaiarrak.
Hori horrela, larunbatean eta igandean Bermeoko eta Portugaleteko uretan izango dira Telmo Deuneko arraunlariak, datorren urtean Euskotren ligan lehiatzeko postua lortzeko. Hiru talde arituko dira erlojuaren aurka, eta azkarrenak izateak soilik balioko die. Bi hitzorduek dute berebiziko garrantzia, baina Bermeoko estropadan ahalik eta alde handiena eskuratzea garrantzitsua dela iritzi dio Egigurenek: "Itsasoan jokatuko dugu estropada, eta itsasoan beti da errazagoa segundo gehiagoren aldea ateratzea aurkariei, itsasoak beti du gehigarri hori". Gainera, play-off-a puntuen arabera baloratzen da –lehenengoak hiru puntu, bigarrenak bi eta azkenak bakarra–, baina bi talde puntuetan berdinduta badaude, denborak hartuko dira kontuan.
Kaiku eta Hibaika
ETE ligako irabazlea izan den Kaiku eta Euskotren ligako seigarren postuan amaitu duen Hibaika hartu beharko dituzte mendean Zumaiakoek asteburuan. Gainera, badute esperientzia horretan; izan ere, Kontxako Banderarako sailkatze estropadan bi taldeen aurretik sailkatu zen Telmo Deun. Aurkariei dagokienez, Egigurenek iritzi dio "hiru taldeak oso pareko" ibiliko direla, eta "momentuan ondoen asmatzen duenarentzat eta lan onena egiten duenarentzat" izango dela goiko mailan jokatzeko txartela.
Era berean, Kaikuk lau puntu besterik ez dizkie atera ETE ligako sailkapen nagusian, eta Ibarren esanetan, horrek ere nolabaiteko bultzada ematen die: "Lehenengo postuan geratu da Kaiku, baina ez daude batere urruti, eta ikusten dugu aukerak ditugula irabazteko". Aranbarrik dioen moduan, denboraldi osoan bata bestearen atzetik ibili badira ere, "azken txanpan indarra hartu" dute Zumaiako emakumeek, eta lehen sailkatuari arnas gutxi utzi diote hartzen.
Zortzi traineruk osatzen dute Euskotren liga, eta teorian azken sailkatuak jokatzen du play-off kanporaketa, baina oraingoan ez da horrela izan. Izan ere, azken bi postuetan geratu diren Galiziako taldeek –Tiranek eta Cabok–postuak gordeta dituzte datorren denboraldirako. Horregatik, seigarren sailkatu den Hibaikak jokatuko ditu Euskotren ligari eusteko estropadak. Erabaki hori "bidegabea" da Egigurenen aburuz, bai goiko taldeentzat, baita behekoentzat ere: "Goikoak azken postu horretatik ihes egin nahian dabiltza, baina hala ere ez da nahikoa. Gu, berriz, seigarren postuan geratu den talde baten aurka lehiatuko gara, eta ez denboraldian azkena egin duenaren aurka". Aranbarri ere ados agertu da taldekideak esandakoarekin: "Azken finean, Galiziakoek ez dute ezer jokatzen denboraldian zehar. Badakite Euskotren ligan egongo direla datorren sasoian. Ondorioz, estropadetako emaitzak ez dira hain garrantzitsuak". Ildo beretik, Ibarrentzat "ez da justua seigarren postuan dagoen taldeak ligan mantentzeko estropadak jokatu behar izatea, atzetik beste bi talde dituenean".
Gora begira
Asteburua gero eta hurbilago dago Manterolak gidatutako taldearentzat, eta horren aurrean "urduri eta gogotsu" daudela adierazi du Ibarrek. Hala eta guztiz ere, taldean duten giro ona eta lagunartea azpimarratu ditu Aranbarrik: "Talde bat izan gara denboraldi osoan. Gauzak ondo doazenean errazagoa da taldea bat eginda egotea, eta erakutsi dugu gaizki joan direnean ere horrela izan dela. Uste dut horrek play-off-ean ere indarra emango digula".
Egigurenek aipatu duenez, "zerbait polita" atera daiteke asteburuko kanporaketatik, baina jakitun dira alderantziz ere izan daitekeela: "Motibatuta gaude denok eta onena ematera aterako gara, baina badakigu esku hutsik ere itzul gaitezkeela". Aranbarrik gogoratu duenez, zera esan ohi die entrenatzaileak: "Asko dugu irabazteko, eta ezer ez galtzeko".