Oroimena lantzeko tailerrean izena emateko epea zabalduko dute astelehenean

Intza Trula 2023ko ira. 14a, 11:52

Oroimena lantzeko tailerrak hasiko dituzte urrian. (Zumaiako Udala)

65 urtetik gorako herritarrei zuzendutako tailerra da, eta urritik abendura bitartean egingo dituzte saioak, astelehenetan. Izena ematea irailaren 18tik 28ra bitarte egongo da zabalik.

Oroimena lantzeko tailerrean izena emateko epea zabalduko dute datorren astelehenean, hilaren 18an. Adinekoen bizi kalitatea hobetzea du helburu tailerrak, eta, horretarako, oroimena eta adinekoen parte hartze aktiboa sustatuko dituzte saioetan. Jarduera prebentiboa da, eta oroimen nahasmenik ez duten 65 urtetik gorako herritarrei zuzenduta dago.

Urriaren 2an egingo dute lehen saioa, eta ordubeteko iraupena izango du bakoitzak. Horrez gain, tailerra aurrera eramateko dinamizatzaile baten laguntza izango dute. Horrenbestez, Gizarte Zentroko bigarren solairuan (Hogarrean) elkartuko dira astelehenero; lehen taldea 16:00etatik 17:00etara bilduko da, eta, bigarrena -beharra egongo balitz-, 17:10etik aurrera. 

Oroimena lantzeko tailerra 2018ko martxoan antolatu zuten lehen aldiz, eta parte hartzaileen balorazio ona dela eta, ekimenarekin aurrera jarraitzeko erabakia hartu dute. Era berean, Zumaiako Udalak, "adinekoen autonomia sustatzeko eta mendekotasun egoerak prebenitzeko" programa desberdinak eskaintzen jarraitzeko eta horiek zabaltzeko asmoa duela azaldu du.

Helburuak:

  • 65 urtetik gorako zumaiarrei bizi kalitatea hobetzea.
  • Adinekoek taldean parte-hartze aktibo eta prebentiboa bultzatzea.
  • 65 urtetik gorako zumaiar adinekoei oroimena lantzeko aukera eskaintzea.
  • Teknika eta tresna ezberdinen bidez adineko pertsonen oroimena landu ondorengo atalak lantzeko helburuarekin:
    • Gune kognitiboa: Gaitasun kognitiboen galera aurreikusi edo atzeratu.
    • Gune psikoafektiboa: antsietate, depresio, bakardade zantzuak prebenitu, komunikazio eta talde sentipena bultzatuz.
    • Harreman eta aisialdi gunea: beste pertsonekin harremana bultzatu eta ezagutza eta aisialdiko gozamena partekatu.

Oroimena lantzeko saioetan izena emateko interesa dutenek urriaren 18tik 28ra bitartean izango dute horretarako aukera Udaleko Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jarrita. Matrikulak hamabi euro balio ditu, eta izena ematerakoan egin beharko da, partaidearen izen-abizenak zehaztuta. Honako kontu korrontean egin beharko da ordainketa: KUTXABANK 2095 5174 90 1060024873. Taldeak izen emateen arabera osatuko dira.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide