Forondako ikastaroetan izena emateko aukera zabalduko dute datorren astean

Intza Trula 2023ko ira. 14a, 16:00

Forondako pintura tailerra. (Maria Maya Manterola)

Datorren astelehenean zabalduko dute ikasturte honetan Forondan eskainiko diren ikastaroetan izena emateko epea, eta interesa dutenek hilaren 27a baino lehen egin beharko dute.

Zumaiako Udalak aurtengo ikasturtean Forondan eskainiko diren ikastaroen zerrenda zehaztu du. Izena emateko epea zabalik egongo da astelehenetik hasi eta hilaren 27ra bitartean. Udalak jakinarazi duenez, ikastaroetan dauden plaza baino izen-emate gehiago egonez gero, zumaiarrek izango dute lehentasuna, eta, beharrezkoa bada, zozketa egingo da azken horien artean. 

Urtero legez, helduei zein haurrei zuzendutako ikastaroak antolatu ditu udalak; hala nola helduei zuzendutako pintura (bi talde), oinarrizko zeramika (bi talde), zeramika aurreratua (bi talde), yoga (bi talde) eta egur taila. Jubilatuentzat bereziki zuzendutako yoga ikastaroa ere eskainiko dute aurten –ikastaro hau Torreberrin egingo dute–. Haurrentzat (8-12 urte) eta nerabeentzat (13-16 urte), aldiz, oinarrizko pintura ikastaroak ere izango dira. Ikastaroen inguruko informazio guztia ikus daiteke lotura honetan.

Aipatutako saioetan izena emateko interesa dutenek hilaren 27a baino lehen egin beharko dute; aurrez aurre Alondegiko 1. solairuan, astelehenetik ostiralera 09:30etik 14:00etara bitartean, edota alondegia@zumaia.eus helbidera izen-emate orria beteta bidalita.

Behin eskaera guztiak jasota, hilaren 28an egingo dute tokien esleipena eta lekua lortu dutenekin harremanetan jarriko da kultur saila egun horretan bertan edo hurrengoan, matrikularen ordainketa egiteko epearen berri emateko. Halaber, plaza lortu ez dutenekin ere jarriko dira harremanetan, hurrengo egunetan.

Horrez gain, matrikula onartua izateko beharrezkoa izango da urriaren 4a baino lehen zenbatekoaren lehen zatia ordaintzea. Ordurako ordainketa egiten ez dutenei esleitutako plaza kenduko zaie, eta itxaron-zerrendan dauden herritarrei eskainiko zaizkie plaza horiek. Matrikularen bigarren zatia urtarrilaren 15etik 24ra bitartean ordaindu beharko da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide