Xabier Iruretaren erakusketa ikusteko azken eguna bihar da

Maria Maya Manterola 2023ko ira. 16a, 09:00

Artista zumaiarrak azken urteotan egindako lanen bilduma ikusgai izan da zenbait astez Alondegiko Oxford aretoan. Bihar da lan horiek ikusteko azken eguna.

Artearekiko zaletasuna sortu zitzaionetik 200 marrazki inguru egin ditu Xabier Irureta margolari zumaiarrak, eta horietatik 80 bat ikusgai daude Oxforden. "Nire obretan herriko hainbat egoera eta herritarrak marraztea gustatzen zait, besteak beste, kirolariak, dantzariak, ehiztariak, olagarrozaleak, itsas bazterrak, genero indarkeriari lotutako kontuak, klima aldaketarekin zerikusia dutenak edo Zumaiako altxorrak", azaldu zuen erakusketaren irekieran.

Gainera, hark azpimarratu zuen herriko 10.000 biztanleetatik lau mundu mailan aritzen diren kirolariak direla. Bada, "haiei omentzeko" margolanak ikusteko aukera ere eskaintzen du erakusketak. Beste margolan bat ere aipatu nahi izan zuen Iruretak, zehazki, erakusketaren irteera inguruan kokatuta egongo dena. "Jesusen koadro bat dago bertan, gure inguruan eduki dezagun beti, eta bizi behar ditugun bidegabekeria guztien aurrean indarra eman diezagun".

Gaur eta bihar bisitatu ahal izango da erakusketa, 12:30etik 14:00etara eta 18:30etik 20:30era artean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide