Joanes Goitisolo eta Maialen Elia nagusitu dira Zumaiako Triatloian

Mireia Galarza Bastida 2023ko ira. 16a, 20:06

Super sprint edo proba herrikoian, aldiz, Olatz Manuel Ezenarro eta Harkaitz Irazustabizan izan dira azkarrenak.

Nahi adina baino bero gehiagorekin jokatu dute gaur Zumaiako Triatloia. Bertan, sprint proba eta proba herrikoia egin dituzte, guztira 500 kirolari ingururekin.

15:50tan hasi da proba herrikoia. Triatletek 350 metro egin behar izan dituzte igerian, hamar kilometro bizikletan eta azken bi kilometro eta erdiak korrika. Gizonetan Harkaitz Irazustabizan da irabazlea 33:35 denborarekin; bigarren Markel Zaldua izan da (35:01), eta hirugarren Unai Altuna (35:09). Emakumeetan, berriz, Olatz Manuel Ezenarrok lortu du garaipena, hiru probak 40:36 denborarekin egin eta gero. Bigarren Saioa Urdangarin izan da (41:49) eta hirugarren Nora Uria azkoitiarra (42:38).

Triatloi egokitua egin dutenez kasuan, guztira zazpi kirolarik parte hartu dute bertan. Gizonezkoen kasuan, Abdeljalil Elafti helmugaratu da lehenengo postuan, Aitor Pajaro bigarren postuan eta Oskar Garro hirugarren. Ondoren sailkatu dira Iñaki Igartua, Josu Alonso eta Joseba Azkarate. Nesken kasuan, Josune Odriozola izan da lehenenengo postua lortu zuena. Ez dira modalitate horretan emakume gehiago aurkeztu.

17:00etan hasi dute lana esprint modalitateko triatletek. Hauen kasuan, 750 metroko igeriketa saioa egin behar izan dute, hogei kilometro bizikletan eta 5 kilometro korrika. Portugaleteko Alusigma Peñota Dental klubeko ordezkari Joanes Goitisolo izan da azkarrena Zumaiako Triatloia bukatzen, 55:54 denborarekin; bigarren Aimar Murua izan da, 56:15 denbora eginez, eta hirugarren Borja Martin, 56:31 denborarekin. Denak talde berekoak izan dira. 

Emakumezkoetan, berriz, lehen hiru sailkatuak talde desberdinetakoak izan dira. Lan oso txukuna eginda, Maialen Elia izan da lehenengoa helmugaratzen, proba 1:07:26 denboran amaituta; bigarrena izan da Eneritz Urrutia (1:08:12) eta hirugarren sailkatu da Ane Gurtubay, 1:09:05 denbora eginda.

Hedabide honek bihar argitaratuko ditu argazki galeriak eta bideoa. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide