Troia kale antzerkiaren emanaldia ikusteko aukera izango da bihar eguerdian Zumaian. Kamikaz kolektiboaren lana da Troia, eta Zarauzko estreinaldian izandako arrakastaren ondoren Zumaian izango dira bihar Miren Gaztañaga, Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola eta Iraia Elias kolektiboko kideak. 12:30ean izango da hitzordua, Odieta frontoian.
Antzezlana komedia generokoa da eta mundua salbatu nahi duten hiru superheroi ditu protagonista. Hainbat gai lantzen dituzte obran zehar; hala nola ahalduntzea, beldurra, irudia, salbazioa eta konkista, ikuspegi komiko batetik. Zarauzko Kalerki kale antzerki jaialdian estreinatu zuten obra, uztailaren 7an, hain zuzen ere.