Dena prest Artadiko San Migel jaiak ospatzeko

Intza Trula 2023ko ira. 25a, 11:13

Joan den urteko San Migel jaietako irudia. (Mireia Galarza Bastida)

Ostiralean eta larunbatean jaietan murgilduta egongo dira Artadin; auzoko San Migel festak direla eta musikaz, janaz eta jolasaz disfrutatzeko aitzakia izango dute haur, gazte eta helduek.

Heltzear dira Artadiko San Migel festak eta ondo pasatzeko eta disfrutatzeko oztoporik egon ez dadin prest daukate guztia. Hain zuzen ere, ostiral eta larunbat honetan ospatuko dituzte jaiak auzoan, eta bertara heltzeko autobus zerbitzua ere eskainiko dute gora joateko zein herrira itzultzeko.

Hori horrela, ostiralean eta larunbatean haur, gaztetxo eta helduentzat egitarau zabala prestatu dute; hala nola kontzertuak, bertso afaria, jubilatuen bazkaria, askotariko jolasak eta txakolin dastaketa izango dituzte auzoan. Halaber, bertso afarirako eta jubilatuen bazkarirako beharrezkoa izango da aurretik izena ematea.

Era berean, festetara bertaratzeko autobus zerbitzua ere eskainiko dute bi egunetan; ostiralean Patxita Etxezarretatik aterako da autobusa gorantz, eta 20:00etatik 22:00ak arte eskainiko du zerbitzua. Itzulera, berriz, 01:00etatik 02:00etara izango da, Artaditik. Larunbatean, aldiz, 11:30etik 13:30era egongo da gorako zerbitzua eta behera, berriz, 16:30etik 18:45era.

Egitaraua:

Irailak 29, ostirala, Mikel Deunaren Eguna

  • 10:30. Jai hasierako txupinazoa.
  • 11:00. Meza nagusia.
  • 12:00. Afizionatuen lehen mailako pilota partidua. Beñat Senar-Ander Garmendia/Iker Amiano-Unai Albeniz.
  • 13:00. Txakolin dastaketa. Bertsolariak: Amets Arzallus eta Andoni Egaña. Trikitilariak Antsorregi eta Larrañaga.
  • 15:00. Bazkaria.
  • 17:00. Artadiko Alkaziari gorazarrea. Bertsolariak: Amets Arzallus eta Andoni Egaña. Trikitilariak Antsorregi eta Larrañaga.
  • 21:30. Artadi Gazte Kontzertuak. Rock!, FUNKranga, Pig&Kiss eta Hoben.

Irailak 30, larunbata

  • 11:30. Haur eta gaztetxoentzat jolasak (herri kirolak).
  • 12:00. Puzgarriak nahieran. Trikitilariak: Izer eta Alabier.
  • 14:00. Jubilatuen bazkaria. Izena emateko telefono honetara idatzi behar da mezua: 722-71 38 16.
  • 16:30. Puzgarriak eta apar festa. 
  • 19:00. Sagardo dastaketa. Trikitilariak: Izer eta Alabier.
  • 21:00. Bertso afaria. Izena emateko telefono honetara idatzi behar da mezua: 722-71 38 16. Bertsolariak Iker Zubeldia eta Maialen Lujanbio. Trikitilariak: Izer eta Alabier.
  • Ondoren, jai amaierako txupinazoa.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide