Motozale zumaiar gazte bat hil da gaur arratsaldean Zestoan izandako istripuan

Onintza Lete Arrieta 2023ko ira. 25a, 19:03

Ertzaintzak jakinarazi duenez, kamioi batekin izan du zirkulazio istripua motoak 17:15 aldera, GI-2633 errepidean, Zestoan.

Motozale zumaiar gazte bat hil da gaur arratsaldean Zestoan kamioi batekin izandako zirkulazio istripuan.

Ertzaintzak jakinarazi duenez, ezbeharra 17:15 aldera izan da GI-2633 errepidean, 10. kilometroan, Zestoan, eta oraindik ez dakite zerk eragin duen istripua, baina elkar jo dute bi ibilgailuek.

Motozalea kamioiaren azpian gelditu da, eta suhiltzaileen laguntza behar izan dute azpitik ateratzeko. Hantxe bertan artatu dute larrialdi zerbitzuek, baina ezin izan dute ezer egin haren bizitza salbatzeko, eta bertan baieztatu dute gaztearen heriotza.

Istripuaren ondorioz, errepidea itxita egon da bi noranzkoetan larrialdi zerbitzuen lana errazteko, eta Ertzaintzak gertaera argitzeko atestatua jarri du martxan.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide