"Kalitatezko etxebizitza, doakoa eta unibertsala" lortzeko bidean, Urola Kostako Etxebizitza Sindikatua sortu du Kontseilu Sozialistak. Mugimendu politikoaren esanetan, aipatu helburuak lortzeko ezinbestekoa da "estatu sozialista eraikitzea", eta Etxebizitza Sindikatua horretarako beste "tresna" bat izango da, hain justu ere.
Aste honetan aurkeztu dute antolakunde berria Zumaian eta Zarautzen –ostegunean egin zuten agerraldia Zumaiako Etxape zentro sozialistan eta asteartean Zarauzko Gaztelekuan– hainbat herritarren aurrean, eta bertara batzeko deia egin dute, "gizarteak bizi duen egoera babesgabeari aurre egin ahal izateko eta gizarte kapitalista gainditzera bidean indarrak batzeko".
Urola Kostako Kontseilu Sozialistako kideek azaldu dutenez, iaz hasi zuten eskualdeko Etxebizitza Sindikatua sortzeko bidea: "Pasa den ikasturtean jarri genuen martxan etxebizitza asanblada orokorra, eta haren bitartez etxebizitzaren auzi gordinari erantzuteko baliabideak zein esperientziak metatzen joan gara". Hori horrela, "borroka horretan aurrera egiten jarraitzeko", erabaki dute sindikatua sortzea orain, "etxebizitzaren arazoa gainditzea ez delako politikari profesionalen eskutik etorriko, baizik eta arazoa zuzenean pairatzen dutenen antolakuntzatik".
Horrez gain, diote "etxebizitzaren arazoaren aurrean norbere burua defendatzeaz gain, arazoa erabat eta behin betiko gaindi dezakeen proiektu politiko baten norabidean antolatzea" direla haien xede nagusiak.
Kontseilu Sozialistak salatutako etxebizitza arazoaren atzean beren ustez zer dagoen ere azaldu du mugimendu politikoak: "Aurrekaririk gabeko krisia bizi dugu, non gure soldaten jaitsierarekin batera bizitzaren garestitze orokorra gertatzen ari den, eta etxebizitzaren esparrua ez da salbuespena: jabe handiek eta errentariek indarrak batzen dituzte instituzio burgesen laguntzarekin, prezioak handitzeko, jabetza gehiago metatzeko eta espekulazio prozesuak suspertzeko. Prozesu horren ondorioz, etxebizitzaren arazoa eta haren adierazpen partikularrak areagotzen ari dira: etxegabetzeak, kalitate txarreko etxebizitzak, emantzipazio ezintasuna...".