Urte askoan arraunean aritu ondoren, aurten triatloian hasi zara. Nolatan erabaki duzu kirolez aldatzea?
Aspalditik nahi nuen triatloia probatu. Herrikoian pare bat alditan parte hartu ondoren, baneukan triatloi munduan barneratzeko gogoa, eta distantzia ezberdinetako probetan parte hartzekoa. Arraunean motibatuta aritzen nintzen beti, baina iaz ez zen hala izan, grina gutxitu egin zitzaidan. Motibazio falta neukanez, beste zerbaitetan hastea erabaki nuen. Triatloirako ilusio hori baneukan, eta arraun lagaz gero, garbi neukan kirol horretan hasiko nintzela.
Triatloian hasi eta buru-belarri zabiltza.
Entrenatzea gustuko dut, baita lehiatzea ere. Pixka bat arraunetik ikasitakoa praktikara eraman dut, eta, gero, triatloi taldeko kideak beti daude laguntzeko eta beraien esperientziak kontatzeko prest. Haiek erakutsitakoarekin eta nik lehendik nekarrenarekin, bada, ongi moldatzen ari naiz.
Arraunlari zineneko seriotasun berarekin?
Arraunean ohituta, gorputzak ere eskatu egiten dizkizu entrenamenduak. Kirol honetan kilometroak pilatzea da gakoa, ez dago besterik, eta orduan, banekien gustura ibiltzeko txukun entrenatu beharra dagoela. Edonola ere, niri ez zait batere kostatzen. Erabatekoa da lanerako dudan diziplina eta prestutasuna.
Exijentea al zara zure buruarekin?
Baietz esango nuke, baina hori baino gehiago, gustuz egiten dudan zerbait da. Egunero entrenatzea ez da obligazioa niretzat. Adibidez, udan, eguraldi ona egiten duela, bizikletan errepidera irtetea sekulako plana da, edo korrika egitera joatea. Ez dut betebehar bat bezala ikusten, gozamen moduan baizik.
Proba herrikoiak egitetik proba federatuetan parte hartzera aldea egongo da, ezta?
Bai, batez ere mailari dagokionean. Aurreneko postuetan ibiltzen direnek urteak daramatzate lehian eta egundoko maila dute, baina denetarik dago. Oso serio har dezakezu eta aurrealdean dabiltzanekin lehiatzen saiatu zaitezke. Hala ere, nik uste dut gozatzeko ikuspegiarekin hartu behar dela parte. Gisa horretan, aukera ematen dizu triatloiak egiteko Lekeition [Bizkaia], Mutrikun [Gipuzkoa] eta inguruko herrietan. Zumaiatik denetariko jendea joaten gara, batzuk aurrerago sailkatzen dira eta beste batzuk atzerago, eta lasterketa amaieran guztiok elkarrekin komentatzen dugu proba. Ez gara honetatik bizi, eta gehiago betetzen gaitu bizitako esperientziak.
Orain arte taldeko kirola landu duzu, orain bakarka aritzen zara. Antzematen al da taldekideen bultzadaren falta?
Bai, nabaritzen da. Hala ere, arrauna taldeko kirola izan arren, neguan ordu asko ematen dituzu bakarrik entrenatzen –ergometroan, adibidez–, eta niri bakarka aritzeko une horiek gustatzen zitzaizkidan. Egia da batzuetan taldearen babesa edo taldearekin entrenatzea faltan botatzen duzula, baina, tira, lagunekin bizikletan irteten saiatzen naiz, eta igerilekuan ere norbaitekin juntatzen. Beti topatzen dut norbait inguruan, nahiz eta ez den gauza bera.
Lau bat triatloi jokatu dituzu. Zer-nolako sentipenak izan dituzu?
Denboraldiari ikasten ekin nion, eta ikaste horretan hanka sartzeak egiten direnez, lesionatu egin nintzen. Ondorioz, hilabetez korrika egin ezinik geratu nintzen. Lesiotik osatuta, inolako espektatibarik gabe hasi nintzen, nire benetako maila eman gabe, baina pixkanaka hobeto sentitzen joan naiz, gero eta sentsazio hobeak edukitzen. Gainera, erosoago ikusi dut nire burua distantzia olinpikoan, esprint proba bizien aldean, denbora eta egoera kudeatzeko aukera gehiago ematen didalako.
Zein da zure hurrengo helburua?
Irailaren 16an Zumaiako Triatloia egiteko asmoa dut, baina nire lehen urtea izanda, helburua gozatzea eta ondo pasatzea izango da. Jende ugari egoten da animatzen eta ilusio berezia egiten dit etxean parte hartzeak.