Bukatu dira Artadiko San Migel jaiak aurtengoz, baina ondo gozatuta gelditu dira auzotarrak nahiz hara gerturatu diren zumaiarrak eta bisitariak. Bai ostiralean, bai atzo, askotariko ekintzak izan dituzte aukeran, eta joko bitxi batean parte hartzeko aukera ere eduki dute: izan ere, festetan urdaiazpiko pieza osoa egon da frontoiko sabaitik zintzilik, eta Idiazabal gazta ederra ere bai txosnako barra gainean. Bat zer altuerara zegoen asmatu behar zen, eta besteak zenbat pisatzen zuen; bietan, pasatu gabe. Euro bat ordainduta, emaitza paper batean idatzi eta kutxan sartu zuten hainbat lagunek.
Bada, atzoko bertso afaria aprobetxatu zuten antolatzaileek emaitzak eman eta irabazleak zein diren jakinarazteko, eta bertsolarien laguntza umoretsua izan zuten horretarako. Baleike ere aipatu zuten bertsolariek, gaur bideoa eta emaitzak webgunean jarri behar zirela azpimarratuz.
Emaitzei buruzko xehetasunak hauek dira:
- Urdaiazpikoa: 5,954 metrora zegoen zintzilik. Pertsona batek ia bete-betean asmatu zuela esan dute antolatzaileek, 5,955 metro jarri baitzuen. Baina milimetro bakarragatik, pasatu egin zen. Irabazlea, beraz, behetik pasatu gabe gehien gerturatu dena izan da: Felix Elortza. 5,590 metro esan du hark.
- Gazta: 1,240 kilo. Pertsona batek zehatz-mehatz asmatu du: Jexux Arzallus da irabazlea.
(Bideoa: Artadiko auzo elkartea)