Errefortzu eskolak antolatu dituzte Etxape Zentro Sozialistan

Juan Luis Romatet 2023ko urr. 2a, 15:00

Etxapeko zabaltze ekitaldiko une bat. (Juan Luis Romatet)

Ekintza honen oinarria "langile-klasearen elkarlaguntza eta defentsa" dela azaldu dute antolatzaileek. Xehetasun gehiago aurrerago emango dutela iragarri dute eta izen-ematea zabalik dagoela.

Errefortzu eskolen proiektua abiatu dute Zumaiako Etxape zentro sozialistan. Bultzatzaileen esanetan, egitasmo honen bidez "langile-klasearen elkarlaguntza eta defentsa" sustatu nahi dute. Azpimarratu dutenez, familiek klase partikularretara bideratzen duten diru kopurua hazi egin da azken urteotan. Arrakala ere sumatzen dute familien artean. "Familia pobreenen kasuan, % 30ak du eskolaz kanpoko hezkuntzarako sarbidea, eta aberatsenen kasuan, aldiz, % 60ak baino gehiagok; eta gastuari dagokionez, familia aberatsenen inbertsioa pobreenena baino hiru aldiz handiagoa da". Etxapeko kideek nabarmendu dutenez, ikasleen klase sozialaren arabera desberdinak dira jasotzen dituzte eskolaz kanpoko jarduerak. 

Horren aurrean, errefortzu eskolen egitasmoa antolatu dute Aita Mari auzategiko gune honetan. "Alde batetik, bizi-baldintzen pobretze orokorrari aurre egitea du helburu ekimenak, eta bestetik, euskara langileriaren proiektu kulturalean txertatzeko bidean ekarpena egitea, dagoeneko abian dauden zein etorkizunean martxan jarriko ditugun gainontzeko dinamiken kasuan bezala", azpimarratu dute.

Xehetasun gehiago aurrerago emango dituztela ere informatu dute. Hala ere, proiektuaren inguruko informazio gehiago jasotzeko edo izena emateko aukera zabaldu dute 622 21 85 25 telefonora deituta, urolakosta@kontseilusozialista.eus helbidera idatzita edo Etxape zentrora bertaratuta (Aita Mari auzategia, 16).

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide