Zumaiako adinekoak Tipi-tapa! programan parte hartzera deitu ditu udalak

Maria Maya Manterola 2023ko urriaren 3a

Asteazkenetan ordubeteko ibilaldia egingo dute izena ematen dutenek. Partaideek boluntarioak izango dituzte lagun ibilbide horietan, mugikortasuna, koordinazioa eta indarra lantzeko helburuarekin.

Jarduera fisikoak pertsona guztien osasun-egoeran islatzen dituen onurez jakitun, eta adineko biztanleriaren kasuan duen garrantziaz jabetuta, Tipi-tapa! programa aurkeztu du Zumaiako Udalak. Izan ere, jarduera fisiko erregularra egitea lehentasunetako bat da osasun egoera mantendu zein hobetzeko, gaixotasun kronikoak zein endekapenezkoak prebenitzeko. 

Astean behin, asteazkenetan ordubeteko ibilaldia egingo dute izena ematen dutenek. Mugikortasuna, koordinazioa eta indarra lantzeko aukera izango dute partaideek, eta horiek gidatzeko boluntarioak izango dituzte lagun. 

Interesa dutenek Gizarte Zerbitzuekin jarri beharko dute harremanetan izena emateko. Aurrez aurre Gizarte Zerbitzuen bulegoetan eman daiteke izena, edo bestela, 943-86 22 00 telefono zenbakira deitu edo brankaharrera@zumaia.eus helbidera mezua bidalita. Boluntario moduan parte hartu nahi dutenek ere Gizarte Zerbitzuetara jo dezaketela jakinarazi dute. Aizkorri kaleko 4. zenbakian aurkitzen da, eta astelehenetik ostiralera zabaltzen dute, 8:15etik 14:30era.  

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide