650 korrikalari eta 230 boluntario izango ditu aurtengo Flysch Trail lasterketak

Maria Maya Manterola 2023ko urriaren 5a

Argazkia: Maria Maya Manterola.

Santa Klara nekazaletxean eman dituzte igandean jokatzekoa den Flysch Trail lasterketako xehetasunak. Aurtengoan festa giroa sortu nahi dute lasterketa amaitzean, boluntarioei eta lasterkariei eskerrak emateko.

Santa Klara nekazaletxean aurkeztu dute gaur eguerdian hamalaugarrenez jokatuko den Flysch Trail lasterketa antolatzaileek, udal ordezkariek eta babesleek. Hain zuzen, Karlos del Pilar antolatzaileak, Ana Eizagirre ekoizlea eta Landaolako lehendakariak, Aitor Manterola Kirol zinegotziak, Maite Egaña Parte hartze eta Berdintasun zinegotziak eta Mikel Aranbarri Caja Ruraleko ordezkariak parte hartu dute agerraldian, eta kirol probari buruzko xehetasunak aletu dituzte banaka. 

Manterolak azaldu du lehenbizikoz antolatu duela udalak lasterketa, eta hasteko eta behin, uztailean, bilera irekia deitu zutela, lasterketaren inguruan gogoeta egiteko helburuarekin. Bilera hartara 25 pertsona gerturatu zirela azaldu du, eta lasterketak izan beharreko lau oinarriak zehaztu zituztela: herritarrek parte hartzeko aukera izan dezaten, ibilbide motzeko lasterketa gehituta, kirola sustatzea; korrikalaria lasterketako protagonista izanik, parte hartzea eskertu eta zaintzea; inturumena zaindu eta zaintzen erakustea, eta, azkenik, herriko ekoizle eta merkatariei ikusgarritasuna eman eta bertan kontsumitzera bultzatzea aipatu ditu Kirol zinegotziak. 

Bi lasterketen ibilbidearen inguruko xehetasunak emateko hartu du hitza gero Karlos del Pilarrek. Haren hitzetan, “neurriz kanpokoa” zen 42 kilometroko lasterketa, eta aldaketaren beharra sumatu dute aurtengoan. Ibilbidea lantzeko lan taldea eratu, eta bi ibilbide proposatu dituzte: motza, 14 kilometrokoa; eta luzea, 23 kilometrokoa. Ibilbide motza egiten dutenek lasterketa luzearen bereizgarria den San Telmo ermitako igoera eta Talaimendi ere egingo dituzte azken kilometroetan. Azken zati horri eutsi nahi izan diote laburra egiten dutenek ere “zati eder horretaz” gozatzeko aukera izan dezaten. Elorriagako buelta egin, eta Arantzako basotik itzuliko dira bueltan herrira. 

Lasterketa laburrean ez ezik, izango da berrikuntzarik luzean ere. Sakonetara joango dira lehendabizi, handik Mendatara, eta Uztangako eta Errotaberriko lurretatik itzuliko dira. Guztira, 23 kilometroko ibilbidea eta 1000 metrotako desnibela ditu proposaturiko ibilbideak. 

Emakumezkoak, % 25a

Parte hartzea sustatzeko, ibilbide laburra proposatzeaz gain, “gehien kostatzen zaienei” zuzenduriko entrenamenduak antolatu dituzte. Egañak izan du horren ardura: “Guretzat bada helburua berdintasuna lasterketan txertatzea. Denen baldintzak kontuan izanda ibilbidea egokitu dugu, eta entrenamenduak antolatu ere bai”. Saio horietan bataz beste 40 pertsona elkartu dira, eta parte hartzaileek balorazio baikorra egin dute. Aurten, % 25ekoa izango da emakumezkoen parte hartzea –% 18koa izan zen iaz–, baina Egañaren arabera, helburua oraindik gehiago igotzea da. 

Landaolako lehendakariak, bestalde, zorionak eman nahi izan dizkio antolakuntzari ekoizleak ezagutzera emateko egindako ahaleginagatik. Izan ere, Santa Klarako ekoizlearen arabera, beharrezkoa da herritarrek beren produktuak ezagutzea. Eizagirrek gaineratu du paisaia hori baserritarrei esker daudela zainduta, eta mendizaleek badakitela hori zaintzen. 

Hirugarrenez babestuko du Caja Ruralek lasterketa. Mikel Aranbarrik dioenez, lasterketaren filosofiarekin bat egiten dute, ingurumena zaintzea eta tokiko merkataritza sustatzea ere badirelako beren baloreak, esaterako. Datozen urteetan ere Flysch Traila babesten jarraitzeko asmoa dutela iragarri du, gainera. 

Manterolak hartu du hitza amaitzeko. Flysch Traila antolatzeko lan-taldeak aipatu eta bertan aritu diren boluntarioen lana goraipatu nahi izan du, baita lehen bilera hartara gerturatutako 25 pertsonei, ekoizleei, babesleei, merkatariei eta korrikalariei eskerrak eman ere. Igandean Odietako anoa gune beroa deitu dioten gunean boluntario eta korrikalariekin festa giroa sortu nahi dutela ere esan du Manterolak. Azkenik, hamahiru urtez lasterketa antolatzen aritu direnek egindako lana eskertu nahi izan du. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide