Aldunditik 372.901 euro jaso ditu udalak, kiroldegian zenbait lan egiteko

Maria Maya Manterola 2023ko urriaren 6a

Pistan berrikuntza lan batzuk egin dituzte aurten. (Juan Luis Romatet)

Kiroldegia osorik berritu eta lau kaleko bigarren igerileku bat egiteko aurre proiektua prest du udalak iaztik. Lan batzuk finantzatzeko baliatuko dute Gipuzkoako Foru Aldunditik jasotako dirulaguntza. 

Zumaiako Udalak 372.901 euro lortu ditu kiroldegiko berrikuntzen zati bat ordaintzeko. Izan ere, kiroldegia osorik berritu eta lau kaleko bigarren igerileku bat egiteko aurre proiektua prest du udalak iaztik, eta proposamena aurkeztu eta gero, dirulaguntzak eskatzeko prozesuari ekin zion. Atzo jakin zuten Udal Gobernuko kideek berrikuntzen zati bat finantzatzeko laguntza izango dutela Gipuzkoako Foru Aldundiaren partetik. 

Batetik, kiroldegia berritzeko prozesua finantzatzeko, 249.615 euro jasoko ditu udalak. Aurten egindako pistaren berrikuntza eta datozen urteetan egingo den kiroldegiko berrikuntza proiektuaren idazketa eta obraren zuzendaritzaren idazketa finantzatzeko erabiliko dute diru hori. 

Futbol zelaian hobekuntzak egiteko, bestetik, 23.286 euro jasoko ditu udalak. Argiteriaren aldaketa eta bestelako hobekuntza lanak egiteko baliatuko dute. Aitor Manterola Kirol zinegotziak esan du "berri pozgarria" dela dirulaguntza jasotzearena, eta kiroldegia berritzeko prozesuari "indar gehiagoz heltzeko aukera" emango du. Iñaki Ostolaza Esnal alkatearen esanetan, berriz, udalarentzat ahalegin ekonomiko handia izango duen proiektua izango da honakoa, eta, horregatik, nabarmendu du "alderdi guztiekin eta herritarrekin batera garatu beharko da proiektua".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide