Resaca Jackson, Nevadah eta John Dealer & The Coconuts taldeen kontzertuak izango dira bihar gaztetxean

Maria Maya Manterola 2023ko urriaren 6a

Nevadah talde durangarra.

Rock and roll gaua izango da bihar Zumaiako Torreberri gaztetxean. Euskal Herriko hiru talde ariko igoko dira 22:00etatik aurrera oholtza gainera. 

Kontzertuak izango dira bihar Torreberri gaztetxean. Euskal Herriko hiru talderen eskutik, rock and roll gauak girotuko du gaztetxeko beheko solairua. 22:00etatik aurrera gozatu ahal izango da kontzertuez, sei euroren truke.

Resaca Jackson taldea Gasteiztik helduko da. Hard rock eta blues erritmo koipetsuz beteta, hainbat areto eta jaialdietan eman zuten ezagutzera beren lana. 2021aren hasieran, bira berri bat izan zen taldearen soinuan, taldearen azken iraupen luze honetan islatua. Hasierako soinu sendoa ez dute galdu, hego rock, hard rock eta blues doinuetan irabazten dute. Letrak kritika sozialez, ironiaz nahiz abeslari eta konpositorearen bizipenez beteta daude.

Nevadah 2014. urtean Durangaldean sortutako taldea da. Rock and Rolla, garagea eta bluesa dira jorratzen dituen musika estiloak. Taldea Ekhi Arrieta (ahotsa), Liher Arteaga (gitarra), Jon Agirrebeitia (gitarra), Anartz Ugarte (baxua) eta Pello Bañosek (bateria) osatzen dute. 2016an lehen maketa argitaratu ostean, 2018an estudioko lehen lana grabatu zuten, We're Coming to You izenekoa, 8 kantaz osatua. Urte hauetan zehar, Euskal Herriko eszenatoki ugaritan jotzen aritu ziren (Helldorado, La Reole (Fr), Bilborock, Bilboko Kafe Antzokia, Durangoko Plateruena…), aurreko abeslaria Jon Agirrek taldea utzi zuen arte. Pandemiaren ondorioz, eta 2021ean Ekhi Arrieta abeslari moduan sartu baino lehen, hiru urtez kanta berriak sortzen aritu dira entsegu lokaleko itzalean sartuta. Iaz beren hirugarren diskoa grabatu dute Lorentzo Recordsen, Still Goes On izenekoa, eta hau ere zortzi kanta indartsuz osatutakoa.

John Dealer & the Coconuts legazpiarrek Snake Charmer izeneko EP berria aurkeztu berri dute. Taldea urte hasieran ere izan zen albiste, Red Light Stories estudioko hirugarren diskoa kaleratu zuenean. Bederatzi hilabetetan soilik lau pista hauek ekoizteko eta grabatzeko gai izan dira. Azken lan honekin ez diote publikoari huts egingo. Beren estiloarekin leial jarraitzen dute: bereizgarri duten rock & roll indartsu eta purua erakutsi dute.

Taldea 2015ean sortu zen eta ordutik ez dira gelditu. Kilometroak eta kontzertuak atzean, estudioko hiru album eta EP berria. Halaber, finalistak izan ziren Azkena Rock jaialdiak 2020an antolatutako taldeen arteko lehian. Lau taldekideek irrikaz espero dute beren musika agertokietan defendatu ahal izatea, haien ezaugarri den indarrarekin eta eszenaratzearekin.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide