Bikotea osatuko dute Goikoetxeak eta Lopezek Durangoko 'final four'-ean

Juan Luis Romatet 2023ko urr. 6a, 17:00

Puntistak eta antolatzaileak Durangon ostegunean egindako aurkezpen ekitaldian. (Durangoko Azoka)

Urriaren 9an eta 16an jokatuko da Durangon Jai Alai Leagueko lauko finala. Zesta punta denboraldiko zortzi pilotari onenek parte hartuko dute eta horien artean izango dira Iñaki Osa Goikoetxea eta Imanol Lopez zumaiarrek.

Zesta puntako lehen liga bateratuari amaiera emango diote datozen bi astelehenetan Durangoko Ezkurdi frontoian. Lauko finala jokatuko dute urriaren 9an eta 16an pilotaleku honetan eta bertan denboraldiko zortzi puntista onenak izango dira lehian lau bikotetan banatuta.

Final four edo lauko final honetako bikoteak osatzeko urtean zehar ligaren barruan jokatutako lau txapelketak –Eusko Label Winter Series, Biarritzeko Urrezko Xistera, Donibane-Lohizuneko Nazioartekoak eta Paueko Kopa– hartu dituzte kontutan. Hala, Iñaki Osa Goikoetxeak eta Imanol Lopezek, ligako bi onenek, osatuko dute bikote bat. Besteak Erkiaga-Gorka Sorozabal, Johan-Minvielle eta Laduche-Basquek osatutakoak izango dira.

Datorren astelehenan jokatuko dira finalaurrekoak, 19:30etik aurrera. Goikoetxea eta Lopez Laduche eta Basqueren aurka arituko dira; Erkiaga eta Sorozabalek, berriz, Johan eta Minvielle izango dituzte aurkari. Bi partidetako irabazleek final handia jokatuko dute urriaren 16an, ordu berean. Partidak ETB-1ek emango ditu.

Partidetako sarrerak www.eramanjaialai.com ataria daude jada salgai.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide