Sormen bekak eskatzeko aukera eskainiko du udalak bigarrenez

Onintza Lete Arrieta 2023ko urriaren 9a

Pintzelak pote batean. (Pixabay)

Azaroaren 2ra arte eskatu ahalko dira kultura eta artearen alorreko sormen lanetarako dirulaguntzak.

Zumaiako Udalak bigarren urtez zabaldu du deialdia herritarrek sormen bekak eska ditzaten. Udalak iaz sortu zuen dirulaguntza berria, "sormen lanak babesteko helburuarekin". Hala, azaroaren 2ra arte eskatu ahalko dituzte dirulaguntzak kultura eta artearen alorreko sormen lanetarako.

Zehazki esateko, kultur sorkuntza bezala ulertuko du udalak "artistaren imajinaziotik eratorritako edozein obra": literatura, antzerkia edo antzerki testuak, zinema eta ikus-entzunezkoak, dantza, arte plastikoak, eta bestelakoak.

Eskabideak Herritarren Arreta Zerbitzuan edo erregistro elektronikoaren bidez aurkeztu daitezke.

Baldintzak eta irizpideak

Udalaren deialdiak proiektu zehatzak eta beharrezko sormen prozesua barnebiltzen ditu. Banaka zein taldean aurkez daiteke eskaera, eta, guztira, 8.000 euro banatuko ditu –iaz baino 3.000 euro gehiago–. Jasotako proiektuen balorazioaren arabera, kopuru osoa proiektu bakar batek jaso dezake, edo gehiagoren artean banatu. Dirulaguntzaren kontzeptu guztiak dirulaguntza izendatu eta bederatzi hilabeteren epean egin beharko dira.

Dirulaguntzak emateko hainbat balorazio hartuko ditu kontuan udalak, eta faseka egingo du puntu banaketa, hiru fasetan:

  • Lehen fasea: 10 puntu. Udalerriarekiko lotura: eskatzaileak/ek eta proiektuak Zumaiako udalerriarekin duten lotura, guztizko puntuazioaren % 10. Guztizko puntuazioaren % 5era iristen ez diren eskaerak deialditik kanpora geratuko dira.
  • Bigarren fasea: 80 puntu. Proiektuaren kalitate artistikoa (40 puntu). Aurrekontua, finantzazio plana eta proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa (10 puntu). Bestelako puntuak: Euskara: sorkuntza euskaraz izatea, hizkuntzari ekarpena... (10 puntu). Proiektuan genero ikuspegia txertatuta egotea (10 puntu). Herrian egingo den aurkezpen edo lanketa (aurkezpen, emanaldi, erakusketa, tailer...) eta Zumaiatik at izango duen ibilbide proposamena. (10 puntu)
  • Hirugarren fasea: 10 puntu. Curriculum Vitaea (10 puntu)

Eskaera orriak, hemen.

Deialdia ikusteko, hemen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide