Garazi Arrularen bisita izango dute bihar Irakurle taldean

Juan Luis Romatet 2023ko urriaren 9a

Idazlea bera izango da bihar Zumaian irakurleekin hitz egiten.

Irakurri matte Zumaiako irakurle taldearen saioa izango dute bihar arratsaldez Alondegiko moilan. Garazi Arrularen Lurraz beste liburua aztertuko dute oraingo honetan. Idazlea bera izango da irakurleekin hizketan.

Pasa den irailean ekin zioten Irakurri matte irakurle taldearen kurtso berriari. Hilean behin helduko diote liburu bati, eta haren inguruan hausnartuko dute.Uxue Alberdi idazle eta literaturazaleak gidatzen duen saio hauek hamabigarren urtea beteko dute aurtengoarekin, eta hasteko, irailean, Gaël Faye abeslari, rap musikari eta idazle ruandar-frantziarraren Ene herri txikia eleberria aztertu dute.

1987an Tafallan (Nafarroa) jaioa, itzultzailea, editorea eta idazlea da Arrula. Haur eta helduentzako makina bat literatura-lan itzuli du euskarara; besteak beste, Idea Vilariño, Anaïs Nin, Beatrice Alemagna eta Amélie Nothomben obra bana. Azkena, Sylvia Plathen Beirazko kanpaia eleberria da. Gu orduko hauek (2017) eta Lurraz beste (2023) helduentzako ipuin-liburuak eta Bidean (2018) haurrentzako albuma ere idatzi ditu. 

Biharkoan Lurraz beste liburua ekarriko du Arrulak Zumaiara eta haren inguruan ariko da hizketan Zumaiako irakurleekin. Saioa 18:00etan hasiko da Alondegiko Moila gelan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide