Joan den Samiel egunaren bezperan, arratsaldeko 15:30-16:30 bitartean, Itzurun hondartzan ginen gizatalde zein gizabanakook ez dugu erraz ahaztuko, hantxe bertan, geure begien aurrean, bertatik bertara ikusteko aukera izan genuen salbamendu ekintza harrigarri bezain hunkigarria.
Hiruak baino lehenagotik nintzen bertan. Itsaso txarra zegoen, eta marea goian. Hondartzara jaitsi ordez, kantina alboko zabalgunean geratu nintzen, surflarien partean, aulkian eserita, liburu batekin. Salbamendukoak egon balira, bandera gorria, seguru. Baina bero handia egiten zuen, eta bainulari banaka batzuk belaunetaraino sartzen ziren. Surflaririk ez zebilen batere.
Kresala nuen eskuartean, arrantzaleen bizimoduan girotutako nobela. Noizean behin, begiak hondartzatik jaso, eta lerro bakar batzuk irakurtzen nituen. Halako batean, ahots batek kasu egin zidan. Alex zen, lagun zahar batzuen semea, neoprenoa jantzi eta uretara sartzeko prestatzen. Protokolozko hitz batzuk trukatu genituen:
– Gaur, bainatzeko gaizki.
– Bai, gaur, lehorretik hobeto.
Sartu zen Alex uretan, piszinaren parteko haitz-lerroari jarraituz, eta gero handik pixkanaka hondartzaren erdialdera egin zuen. Liburua itxi eta begira egon nintzaion tarte batez. Olatuek egundoko danbatekoak jotzen zituzten lehertzean. Haren jauziak eta txiribueltak! Bakarra zen itsasoan, eta gozatzen ari zen, segurki.
Bien bitartean, bi gizon sendo, uretan belaunetatik aurrera segi eta tripa barreneraino sartuak ziren. Olatuek balantzaka ibili zituzten biak une batez, eta bat-batean elkarrengandik aparte samar azaldu ziren: bata ur ertzetik hurreago, eta bestea, urrunago, justu-justu ni liburuan naufragio-eszena bat irakurtzera nindoanean.
Jendea berehala konturatu zen han ez zegoela gauza onik, eta batzuk oihu eta txistu hasi zitzaizkion Alexi, bi bainularien estutasunaz ohartarazteko. Liburua itxi eta arretaz begiratu nuen San Telmo alderantz. Alex, arrisku egoeraz jabeturik, hobeto zegoena utzi, eta larri zebilenarengana abiatu zen. Kinka hartan, ordea, paipoa galdu zuen. "Alexek paipoa galdu du! Alexek paipoa galdu du!" zioen nire ondoan gazte jendeak, kezka aurpegiarekin.
Oihu haiek urduri, oso urduri jarri ninduten. Alexek helduta zeukan gizon sendoa –ehun kiloak ez zituen urruti ibiliko–, baina oso itsaso txarra zegoen, eta olatuek San Telmoko haitzetara bideratzen zuten naufrago bikotea. Jende guztia zegoen adi uretako mugimendu haietara, bai hondarretan zegoena, bai kantinan zegoena, bai goiko talaian zegoena, denak zalapartaka eta barreneko angustia ezin disimulatuz. Baten batzuk deika hasi ziren telefonoz, auskalo nori. Bien bitartean, naufrago bikotea gero eta barrenago zihoan itsasoan, baina, orain, haitzen norabidean barik, itsas zabaleranzkoan.
Guk lehorretik ez dakigu zer ari den gertatzen han barruan, eta horrenbestez, ezin jakin mugimendu horiek zer adierazten duten. Guk ez dakigu ezer. Zenbat denbora aguanta dezake bikoteak elkarri helduta? Alex ezagutzen dugu eta konfiantza osoa dugu beragan, baina bainulari sendo horrek asmatuko al du presioari eusten?
Hamar minutu, ordu laurden, hogei minutu… Hemen ez dago gauza onik. Ertzaintzaren automobil bat heldu da goiko talaiara; atzetik, anbulantzia. Zertarako? Ezertarako ez. Haiek eta ni, igualtsu, zurrunbilo honetan: ezintasunaren ikur. Azkenean, Mikel gaztea ausartu da irtetera. Eskerrak! Bi paipo daramatza berekin, berea eta beste bat. Garaiz helduko al da!
Ordu erdi igaro denean, beste surflari bat, Jon, hondartzara iritsi berria, abiatu da haien laguntzan, piszinako partetik. Azaldua diote, gutxi gorabehera, non dagoen naufrago hirukotea eta zuzenean jo du itsas zabalera. Baina zenbat denbora aguanta dezakete itsaso zakar honekin? Lehorretik begira gaudenok ez dakigu zer pentsatu ere. Bakarrik dakigu ez dela laguntza iristen eta zalantza osoa dugula bizirik aterako ote diren.
Berrogei bat minutu igaro eta gero, lantxa bat, eta gero beste bat, agertu dira Getariako partetik. "Non arraio egon zarete?" Nire inguruko surflari batzuk telefonoz hitz egiten ikusi ditut, eta ziplo galdetu diet: "Zer, bizirik?". Baietz erantzun didate. "Denak?", galdetu dut segidan. "Bai", entzun dudanean, azkar alde egin dut handik, negargura ezkutatzeko batere ahaleginik egin gabe.
Gero, iluntzean, etxean lasai, berriz ekin diot Kresalari. Bukaera aldeko eszena da, naufragioarena. Ontzia hondoratu eta aita-semeak bakar-bakarrik aurkitzen dira itsasoaren erdian. Anjel semea da protagonista. Honek aita bizkarrean hartu, ur azalera jaso eta bi orduz eutsiko dio, txalupa bat agertuko den arte. Eta pasartea irakurriz, une latz guztiak berritu zaizkit gogamenean; oraingoan larritasunik gabe, halere: "Ordu bi osoan ibili zan gure gazte umantkorra bere gurasoagaz zamaturik, itsaso haserratuaren erdian, bakartaderik itzalenean, izatekorik trebe, zail, zoli, eta zimelen, ausardi eta gaitasunik handienean; atuna baino azkarrago, izurdea baino gogorrago, balea baino adoretsuago; hona eta horra, gora eta behera, azpira eta azalera… gesala galanto iruntsiaz, ahotik birikak boteaz; neketik indarrak atara guran, ur barruan must egin beharrean, ur gainean arnasarik hartu ezinda; heriotzeagaz burruka, bernadaka, besakada, ukabilka; noiz etengo, noiz lehertuko, noiz amaituko, noiz hondatuko".
Bizitza da haundiena
galtzea, litzake galtzea dena
(Bertolt Brecht, Mikel Laboa)