Lehenbizikoz Flysch Trail lasterketa udalak antolatu du aurtengoan, eta igaro berritan, eskerrak eman nahi izan dizkiete lasterketaren bueltan lanean aritu diren guztiei. Izan ere, herritarren laguntza izan da, udalaren ustez, edizioaren arrakastaren arrazoi nagusia.
"Herrigintza ariketa aparta" izan dela gaineratu du udalak, "herriko komunitatearen eta elkarlanerako ohituraren erakusle". Antolakuntzan buru-belarri aritu diren zumaiar guztiei, 230 boluntarioei, erronka onartutako korrikalariei, tokiko ekoizleei, merkatariei, tabernariei eta babesleei eskertu nahi izan diete beren lana, hain zuzen. Bestalde, gogoan izan dute orain arte lasterketa antolatu dutenek egindako lana ere.
"Giro bikaina" eta "antolakuntza aparta" aipatu dituzte udal ordezkariek, eta zaleen erantzuna ere neurrikoa izan dela gaineratu dute. "Lasterketaren ondorengo korrikalarien eta boluntarioen festak eguna jai-giroan amaitzeko aukera eman zuen", azaldu dute. Balorazioa bikaina izan arren, balorazio xeheagoa egingo dute aurki antolaketan aritu direnekin, datozen edizioetan hobetu beharrekoak identifikatzeko.
Emakumeen parte hartzearen gorakada aipatu dute azkenik. Dena den, hurrengo urteetan ere bide berean lanean jarraitzeko konpromisoari eusteko borondatea erakutsi dute.