Tokikoa errotu dadin lanean

Juan Luis Romatet 2023ko urriaren 10a

Spartina maritima izeneko landarea Beduan bakarrik ateratzen zen Gipuzkoan, isuri baten ondorioz desagertu zen arte. Berreskuratzeko lanetan dabil Aranzadi.

Zapelaitzak, kaioak eta ahateak; arranoak, beleak eta kulixkak. Hegazti zaleek primerako behatokia dute animalia horiek ikusteko Zumaiako herrigunetik kilometro eskasera, errioan gora eginda, Beduako paduran. Hegazti espezie horiek aurki daitezke bertan; han elikatzeaz gain, bertan igarotzen dituzte gauak. Fauna aldetik eremu aberatsa izanda ere, flora aldetik ere landare espezie bitxi eta bakarrek aurkitzen dute Beduako paduran ernatzeko beta. Edo hala izan da orain urte batzuk arte, behintzat.

Paduren inguruan, orokorrean, baina Beduakoan, bereziki, aritu zen Aranzadi zientzia elkarteko teknikari Mari Azpiroz atzo Zumaian egin zuten saioan. Lehenbizi, hitzaldi laburra eskaini zuen Alondegiko Moila gelan. Paduren ezaugarrien inguruko informazioa emateaz gain, Beduan egiten ari diren lanketaren inguruko xehetasunak eskaini zituen. Jarraian, Egurko inguruan dagoen ur araztegiaren albotik doan bidezidorra jarraituz, eta, bertako baratzeak albo batera utzita, irlen parera bertaratu ziren parte hartzaileak ingurune horretan egindako lanak ikusteko.

Aranzadiko teknikariak azaldu zuenez, mundu mailan dauden habitat garrantzitsuenetakoak dira padurak. "Biomasa maila oso handia dute padurek eta hori urte osoan zehar gertatzen da. Basoetan-eta izaten dute biomasa, eroritako hostoak usteltzean, baina urteko sasoi zehatz batzuetan bakarrik. Paduretan, aldiz, urte osoan izaten da". 

Teknikariaren esanetan, padurek badute beste berezitasun bat ere, eta da oso erraz berreskuratzen direla. Zarauzko adibidea jarri zuen mahai gainean: "Baratzeak kendu zituztenean berriro agertu ziren landareak eremu hartan".

Bertako landaretza sustatu

Beduan, adibidez, bertan soilik ikus zitekeen landare espezie bat berreskuratzeko ahaleginean dabil Aranzadi elkartea azken urteotan. Gipuzkoa osoan Zumaian bakarrik ernatu izan da spartina maritima izeneko landarea 2000ko hamarkadaren amaieran isuri baten ondorioz, desagertu zen arte. "Esaten zuten Irunen, Fraisoro inguruan, ere ateratzen zela, baina ez dugu hori baieztatzeko frogarik aurkitu. Beduan landare hori berreskuratzea da gure proiektuaren bizkarrezurra".

Spartina maritima landare espeziea oraingoz desagertuta badago ere, ezin da gauza bera esan haren familiako beste landare mota bati buruz. "Spartina alterniflora izeneko landarea izugarri hedatu da Beduan azken urteotan. Arazoa da landare hori inbaditzailea dela". Unibertso ideal batean, bertako espezie hori desagerrarazteko lanak abiatuko zituzten, baina hor legedi aldetik hutsarte batekin egin dutela topo azaldu zuen. "Europar Batasunak spartinen zelaiak babestu egiten ditu, izan landare horiek propioak edo inbaditzaileak; jaurlaritzak, aldiz, inbaditzaileak kendu behar direla dio. Hor instituzioen arteko talka dago", zehaztu zuen Aranzadiko teknikariak.

Programa honen xedea inbaditzailea kendu eta bertakoa landatzea dela ere azpimarratu zuen Azpirozek, "zelaiaren azalerari eutsita". 2019. urte amaieran ekin zioten programari: "Lehendabizi, inbaditzailea kendu genuen padurako gune batzuetan, eta denbora baten ondoren bertakoa landatu genuen". Dena den, onartu zuen programak oraingoz ez duela emaitza onik izan: "Esaten zuten spartina maritima landarearen haziak ez zirela ernatzen. Lortu genuen ernatzea, baina denbora baten ondoren hil egin ziren". Urdaibaiko landare batzuk ere ekarri zituzten Beduan landatzeko: "Susmoa dugu ez direla egokitu. Zergatik? Ez dakigu. Egia da Urdaibaiko substratua desberdina dela, areatsuagoa hemengoarekin alderatuta. Horregatik izan ote den? Ez dakigu".

Gatz maila neurtzen

Itxaropenik galdu gabe, lanketarekin jarraitu dute. Hala, mintegitik ekarritako haziak Zumaiako lokatzetan sartu zituzten. "179 landare ernatu dira eta orain hilabete Beduan landatu genituen, ehun irlan eta besteak lehorrean. Ikusiko dugu ea bizirauten duten".

Proiektuak lan handia eskatzen duela ere azaldu zuen Azpirozek: "Iazko urte amaieratik gabiltza Beduatik pasatzen den uraren gatz maila aztertzen; astero egiten dugu. Asmoa izan da haziak gatz maila txikiarekin haztea eta pixkanaka handitzen joatea errioaren mailara heldu arte". Bertako landareek bere lekua egingo ote duten galdetuta, Azpirozen erantzuna positiboa da: "Itxaropentsu gaude".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide