Duela mende bateko Zumaiaren erretratua

Maria Maya Manterola 2023ko urriaren 12a

Ismael Manterola arte historialaria, liburuaren bi ale eskuetan dituela. (Maria Maya Manterola)

Luis Martinez Kleiserrek Zumaiari liburu bat eskaini zionetik mende bat igaro da. Herriari buruzko historian idatzi den lehen liburua da, eta ekarpenaz nahiz lantzen diren gaiez aritu da Manterola urteurrenean.

Udatiar madrildarra zen Luis Martinez Kleiser 1920ko hamarkadako Zumaian. Villagrana hitzak sortzen zion jakin-minari tiraka hasi, eta herriari buruzko lehen liburu historikoa idazten amaitu zuen. Irakurterraza eta arina, Villa de Villagrana de Zumaya liburua argitaratu zuen 1923an, duela mende bat. 

Arte historialaria da Ismael Manterola, eta haren hitzetan, "ekarpen handia" egin du herriaren historian liburu hark. Testuinguru historikoa azaldu du horretarako: "XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran mikrohistorian interesatzen hasi ziren, eta ez hainbeste estatuei buruzkoan. Historia ulertzeko moduan aldaketa txiki bat izan zen: toki txiki baten historiak isla dezake makrohistoria". Horrez gain, duela ehun urte Gipuzkoako Foru Aldundiak herrietako artxiboak antolatzeko erabakia hartu izanak ere erraztu zuen argitalpena, Manterolaren ustez.

Liburua idazteko harra villagrana hitzaren harira sortu zitzaion idazleari. Hala azaldu du Manterolak: "Herriak sortzen zirenean, horiek izena eta abizena izaten zituzten. Asko villafranca ziren, libreak, alegia; beste batzuk villarreal, erregeak antolatutakoak. Zumaiak, ordea, villagrana izena zeukan, eta inork ez zekien zer zen, ezta zergatik zeukan ere". Dokumentuak aztertzean, gehiagorako ematen zuela ikusi eta hortik tiraka sortu zuen liburua. 

Arte historialariaren arabera, hainbat kapitulutan dago antolatuta liburua, eta bakoitza ikuspuntu bati dagokio. Azaltzen du noiz sortu zen herria, zer zegoen herria sortu aurretik eremu geografiko horretan… Eta, gero, XVI. mendeari ematen dio garrantzia. Iturri aldetik ugariagoa da garai hori, eta Martinez konturatzen da informazio asko dagoela artxiboan. 


Elkar merkatari elkartearen berrargitalpena. (Maria Maya Manterola)
 
Herri turistikoa

Zumaia etorkizun handiko herria dela esanez amaitzen du liburua idazleak, eta hori "erdizka" asmatu zuela uste du Manterolak: "Turismoari eman zioten garrantzia. Bera ere turista zen, eta horrek ere edukiko du pisua. Martinezek bultzatu zuen Amaya hotela, eta 1923an hasi ziren eraikitzen. Donostiaren isla edo erreferentzia hor dago beti, Zarautzena ere bai, eta Zumaian ez zegoen horrelako hotelik; pentsioak eta hotel txikiak bai, baina hotel dotorerik ez. Turistikoa orain da gehiago, baina uste dut XX. mendean herri industrial bat bihurtu zela". 

Idazlea madrildarra izan arren, liburua zumaiarrentzat idatzi zuela iruditzen zaio Manterolari. Izan ere, historialariak azaldu du lehen etxe guztietan zegoela liburu horren ale bat eta "zumaiartasuna pizten" zuela, herriak garrantzia zuela adierazten zuelako. Orain, mende bat igaro arren, gaur egungo zumaiar bati ere interesa dakioke liburua, Manterolaren ustez: "Interesgarria da ikustea nola idazten zen historia duela mende bat, eta gainera, gauza batzuk ez dira gehiegi aldatu; adibidez, herriaren sorrera kontatzeko duen modua. Nabarmentzekoa da idazle batek idatzitako liburua dela, eta beraz, ondo idatzita dagoela gaztelaniaz. Erraz irakurtzekoa da, maila badauka".

40 urteko faksimilea

Argitalpenetik 60 urtera, 1983an, hain zuzen, orduko Elkar merkatarien elkarteak erabaki zuen liburu haren faksimile bat egitea. Ez da aldaketarik egiten diseinuetan edo testuan, kopia bat da, alegia. Liburua agortuta zegoen, eta berriz ere argitaratu zuen elkarteak, argazki berri batzuekin. Hitzaurrea dute desberdina: "Lehen liburuak Karmelo Etxegarairen hitzaurrea du. Etxegarai bezalako jendeak pentsatzen du Euskal Herriko historia idatzi gabe dagoela eta idatzi beharra dagoela. Haientzat oso inportanteak dira halako liburuak, Euskal Herriko historiaren parte direlako". Bigarren argitalpenean, berriz, Martin Ugaldek idatzi zuen atarikoa, euskaraz.  

Gainerakoen oinarri

Zumaiako historiaren inguruko lehen liburua izanik, eragina izan du gero etorri diren beste guztietan, Manterolaren ustez:  "Paper batzuk ere desagertu dira tarte honetan, eta inportantea da jakitea berak zer kontsultatu zuen. Hurrengo liburua, gainera, ia 50 urtera argitaratu zen".   

Gaur egun liburua irakurri nahi duenak errazago topatuko du berrargitalpena, Manterolak azaldu duenez. "Izan ere, duela mende bateko aleak udal liburutegian eta etxe gutxi batzuetan besterik ez dira geratzen". 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide