IRITZIA

Zumaiako historiak 100 urte

Ismael Manterola | Javier Carballo 2023ko urriaren 13a

Ismael Manterolak eta Javier Carballok ondorengo idatzia igorri dute BALEIKEra Luis Martinez Kleiserren liburuaren mendeurrenaren harira. 

Zumaiari buruzko lehendabiziko historia liburuak 100 urte bete ditu. Luis Martinez Kleiser idazle madrildarrak 1923an argitaratu zuen Madrilen La Villa de Villagrana de Zumaya. Apuntes y pormenores históricos izenburuarekin.

Egilea

Zein zen Luis Martinez Kleiser eta zergatik idatzi zuen Zumaiari buruzko historia liburua? Madrilen jaio zen 1883an eta bertan bizi izan zen 1971ean hil arte. Badakigu Maria de las Nieves Rodriguez Cosmenekin ezkonduta zegoela eta bost seme-alabaren aita izan zela.

Nahiz eta lege ikasketak egin zituen, une labur batean politikan jardun zuen (Madrilgo alkate ordea izan zen 1909an) eta idazle moduan ezaguna egin zen. Poesia, antzezlanak, eleberriak eta saiakerak idatzi bazituen ere, errefrauetan aditua zen. Berak propio sortutako Voluntad izeneko argitaletxean argitaratzen zituen literatura lanak, eta Zumaiari buruzko historia liburua ere argitaletxe horretan argitaratu zuen. Kazetari moduan ere jardun zuen ABC egunkarian edo La Esfera eta Blanco y Negro aldizkarietan. Azken lan honek eman zion ospea, eta artikulugile edo kronika idazle moduan sartu zen Espainiako Hizkuntza Akademian, 1946. urtean. Espainiako Historiaren Akademiako kide ere izan zen, historiari buruz idatzitako lanei esker.

Ohikoa zen moduan eta Espainiako errege familiari jarraituta, Madrilgo politika eta kultura gizon askok Euskal herrian igarotzen zuten uda denboraldi luzea, batez ere Donostian eta Zarautzen. Hala ere, horietako madrildar gutxi batzuek Zumaia aukeratu zuten udako hilabeteak pasatzeko eta Luis Martinez Kleiser horietako bat izan zela dirudi.

Berak esan zuen moduan, Zumaian igarotako udaldi batetik dator idatzi zuen historia liburua. Bi hilabete pasa omen zituen udal artxiboa arakatzen herriko datu historikoak aztertzeko. Ikerketa horren emaitza izan omen zen liburua.

Hala ere, Zumaiarekin izan zuen lotura ez zen horretara mugatu, liburua argitaratu zuen urte beretsuan hotel handi bat eraikitzeko ekimena bultzatu zuen bere laguna zen Cosme Iraundegi zumaiarrarekin batera, zeina garai hartan Zumaiako alkatea zen. Badirudi Hotel Amaya izeneko enpresaren sortzailetakoa izen zela Iraundegi familiarekin batera, Zumaian turismoa bultzatzeko ekimen garrantzitsuena izan zen 90eko hamarkadara arte.

Liburua

Lehen aipatu dugun moduan historia Martinez Kleiserren zaletasuna zen eta 1922an Zumaian igarotako uda denboraldia baliatu zuen udal artxiboko paperak aztertzeko. Itxuraz, San Pedrotan Zumaiako udalak antolatzen zuen hamaiketako batean herriaren izen ofizialak zuen Villagrana izendapenaren inguruko eztabaida sortu zen, beraz, jakin mina piztu omen zitzaion Kleiserri jakiteko nondik zetorren izen berezi hori.

Bi hilabete udal artxiboan agiri zaharren artean pasa ondoren liburu bat idazteko adinako materiala bildu omen zuen eta zirriborroak ordenatu ondoren liburua idaztea eta argitaratzea erabaki zuen.

Liburuaren izenburuaren azpian irakur daitekeen moduan ikerketan oinarritutako historia liburua argitaratzea baino apunteak eta gertaera historikoak jasotzea izango litzateke liburuaren asmoa. Horretan Martinez Kleiser zintzoa izan zen, nahiz eta azken emaitza garai hartan idazten ziren historia liburuetara asko hurbildu. Gaur egunetik begiratuta Kleiserrena historia liburutzat har dezakegu.

Egileak Zumaiako udalari eskaini zion liburua hasierako orritan irakur daitekeen moduan. Ondoren, liburuak Carmelo Etxegarairen hitzaurre luzea dakar, Zumaian bizi izandako idazle eta historiagile azpeitiarren oroitzapenak eta Kleiserren aldeko hitzez beteta.

Ikerketa bera 10 ataletan banatuta dago, baina historia liburu batean ohikoak diren antolaketa kronologikoa izan beharrean, zati bakoitza gai bati eskainita dago: Villagrana hitzaren jatorriari buruzko hausnarketa (liburua idazteko grina piztu zuen gaia, alegia), Zumaiaren sorrerari buruzkoa, Zumaia XVI. mendean, parrokia, udala, gurtza eta ongintza, historian zehar Zumaian izan dituen berezitasunak, bizitza eta ohiturak, zumaiar ospetsuak eta bukatzeko, herriaren etorkizunari buruzko testu laburra.

Ikusten den moduan, garai hartako historiari lotuta egon arren, hurrengo urtetan Zumaiari buruz idatzitako ikerketa ugarien aurrekaria izan zen, adibidez ongintza edo ohiturei buruzko atalak. Horregatik, akats edo hipotesi ez oso zuzenak izan arren, liburuak herriari buruzko ikerketen hasieratzat hartu daiteke. Kontutan izan behar dugu, Zumaiako historiari buruzko liburua idazteko hurrengo saiakera 1970eakoa izan zela (ia 50 urteren ondoren)  Donostikoa Aurrezki Kutxak bultzatutako Gipuzkoako herri ezberdinen historia bildumaren barruan, Juan B. Olaetxeak idatzita.

Bi lan hauek Lourdes Odriozolak idatzitako Zumaia. Historia liburuaren aurrekari duinak dira, nahiz eta azken hau izan sistematikoena eta ikerketa zabalagotan oinarrituta egon.

Azkenik, aipatu beharrekoa da Luis Martinez Kleiserrek liburuaren salmentaren bitartez irabazitako guztia Zumaiako San Juan ospitalera (gaur egungo egoitza) bideratu zuela.

Liburua lortzeko zailtasunak kontutan hartuta eta 60. urteurrena ospatzeko, 1983an Zumaiako merkatarien Elkar izeneko elkarteak berrargitarapen faksimilea egin zuen, Martinez Kleiserren liburua jende gehiagoren eskura jartzeko. Orduan Martin Ugalde kazetari eta idazleari eskatu zitzaion hitzaurrea.

Noraino zabaldu zen herrian liburua elite intelektualez aparte? Berezia da jakitea Zumaiako etxe gehienetan zegoela ale bat, bai irakurtzen zekien familietan, baita xumeagoak zirenetan. Badirudi liburuak herriari historia izatearen harrotasuna eman ziola edo jendeak herriarekin identifikatzeko aukera izan zuela. Bestalde, liburuaren salmenten bitartez san Juan ospitalea laguntzeak eragina izango zuen hedapenean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide