Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloaz gozatzeko aukera izango da Zumaian

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko urriaren 15a

Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko zikloko erakusketa Zarauzko Merkatu Plazan.

Hilaren 18an 26 film labur eta lau dokumental ikusteko aukera izango da Aita Mari zinema aretoan, eta haurrentzat saio berezia ere egingo dute goizean. Horrez gain, itsaspeko irudiekin osatutako argazki erakusketa ikusgai da Oxford aretoan.

Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko zikloko saioa izango da urriaren 18an Aita Mari zineman, 19:00etan hasita . Ekimenak "itsas hondoa ezagutaraztea eta harekiko errespetua sustatzea" du helburu, eta nazioartean erreferentea da urpeko zinemaren jaialdietan; horregatik, mundu osoko film laburrak eta dokumentalak biltzen ditu. Edizio honetan, esaterako, 80 herrialdetatik iritsitako lanak bildu dituzte.

Zumaian 26 film labur eta lau dokumental ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek. "Horietan, planetaren itsaspeko paradisu ezberdinekin gozatzeko parada izatearekin batera, gure itsasoek sufritzen duten narriadura azaleratuko dute. Alde batetik, hurrengo belaunaldien etorkizuna mehatxatzen duten gizakiaren ekintza eta jarrera desegokiak salatzeko ispilua izango dira, ekosistema osoen hondamendia, biodibertsitatearen suntsipena eta arrantza baliabideen ustiapen jasangaitza bideratzen dituztenak", azaldu due antolatzaileek. Bestalde, ikuspuntu baikorra ere eskainiko dute eta "ezkutuan dauden altxorren unibertsoa ezagutzeko aukera izango dugu, bizitza basatiaren garapena bideratzeko osasuntsu mantentzen direnak eta begiztatze soilarekin liluratu eta maitemintzen gaituztenak".

Itsaspeko Txikizikloa ikastetxeentzat

Helduei zuzendutako saioak gaiz, Txikizikloa ere antolatuko dute Zumaian, haurrek itsasoa ezagutu eta itsaspeko mundu liluragarriaz jabetu daitezen. Aita Mari Antzokian egingo da saioa, hilaren 18an bertan 10:00etam, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleek, 10 eta 12 urte bitarteko ikasleak bertaratuko dira. Ekimenean parte hartzen duten ikastetxeei aurretik gelan lantzeko material didaktikoa erraztu zaie,  ikus-entzunezko
material osagarriarekin eta jarduera eta orientazio metodologikoekin batera. 

Itsaspeko Txikizikloarekin lortu nahi dute, alde batetik, "ingurumenaren egoeraz jabetzea eta kontsumo osasuntsu eta arduratsuaren eta ingurune hurbilaren errespetuaren eta zaintzaren jarrerak garatzea, haren kudeaketan arduraz parte hartzeko". Eta bestetik, eguneroko bizitzan "planetaren ongizatean eragina duten erabakiak hartzeko, ezagutza zientifikoan oinarritutako erabaki pertsonal eta kolektiboak lantzea".

Argazki erakusketa

Proiekzioen osagarri, urriaren 22ra bitartean, egunero 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan 12:30etatik 14:00etara, Alondegiko Oxford Aretoan, Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Ziklora aurkeztutako argazki onenen erakusketa egongo da zabalik. "Erakusketan mundu osoko hainbat itsaspetan bizi diren espezie harrigarri eta erakargarrienak ikusteko aukera izango da. Aurkeztutako 300 argazkietatik 24 aukeratu dituzte eta horien artean azpimarratzekoak dira edizio honetako garaileak: Luc Rooman (Belgika), Martin Broen (Ameriketako Estatu Batuak), Tom Shesinger (Israel), Plamena Mileva (Bulgaria), Aldo Gustavo Galante (Argentina) eta Iñaki Alcalde (Gipuzkoa).

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide