Klarinete laukoteen kontzertu-lehiaketako oinarriak jakitera eman ditu udalak

Andrea Zipitria 2023ko urriaren 16a

Klarinete Maratoiaren ibilbidea pasa den urtean amaitu bazen ere, Klarinete laukoteen kotnzertu-lehiaketa antolatu du Zumaiako Udalak. Bertan izena emateko aukera izango da gaurtik hasi eta hilaren 27ra arte. Final handia, berriz, azaroaren 18an izango da. Hona hemen klarinete lehiaketarako oinarri guztiak.

Klarinete Maratoiak pasa den urtean amaitu zuen bere ibilbidea, baina aurten ere izango da Klarinete laukoteen kontzertu-lehiaketa Zumaian. 21 urte bitarteko klarinete-joleei zuzendutako lehiaketa da hau eta orain arte bezala, hiru kategoriatan banatuko da lehiaketa: 8 eta 12 urte bitartekoak, 13 eta 16 urte bitartekoak eta 17tik 21era bitartekoak.

Sari bakarra izango da kategoria bakoitzean, eta izena emateko eta grabazioak bidaltzeko aukera gaurtik hasi eta hilaren 27ra arte luzatuko da. Izena emateko epea amaitu eta astebetera,  finalera sartzeko jakinarazpena posta elektronikoz bidaliko da. Final handia, berriz, azaroaren 18an, 12:00etan Zumaiena ikastetxeko DOMOan izango da.

Hona hemen lehiaketako oinarri guztiak:

PARTE-HARTZAILEAK
-Lehiaketa honetan parte hartu ahal izango dute musika-ikasketak edozein Musika Kontserbatoriotan edo Musika Eskolatan egiten ari diren ikasleek, 21 urtetik behera badituzte.

-Laukotearen kide bat edo bi dagokien kategoria baino txikiagokoak izatea baimentzen da, baina ez handiagokoak.

-Laukote irabazleak ezin izango du hurrengo ediziora kategoria berean aurkeztu, taldekideren bat aldatzen ez bada, behintzat.

-Lehiaketan izena emateak berekin dakar oinarriak osorik onartzea eta datuen tratamenduari buruzko adostasun esplizitua honetarako: parte-hartzaileen irudia edo bideoak argitaratzea, lehiaketarekin zerikusia dutenak, prentsa, irrati eta telebistako komunikazio-kanalen bidez, baita sare sozialetan eta lehiaketaren webgunean ere, horiek ezabatzeko eskatzen ez den bitartean gordeko baitira.

MAILAK (adina egungo ikasturte akademikoan betetzen dutenari dagokio, eta ez urte naturalari)
-LUDOTEKA SARIA 8-12 urte bitartekoak.

-GAZTETXOLA SARIA 13-16 urte bitartekoak.

-JAIALDI SARIA: 17-21 urte bitartekoak.

PARTE HARTZEKO BALDINTZAK
-Grabazioa bidali info@sasmusikaelkartea.com helbide elektronikora, (audioa edo bideoa, WeTransfer online bidaltzeko zerbitzuaren bidez, gehienez ere 5 minutuz musika eta aurkezpena) finalera sartzeko (2023.11.18), laukotearen kideen izenarekin, kontaktuarekin eta abarrekin.

-Izena emateko orria bete online ( https://www.sasmusikaelkartea.com/klarinete-maratoia/webgunean).

-Laukote bakoitzak 5 min. ditu bere lana interpretatzeko, errepertorioa libre izango da.

EGUTEGIA
-Izena emateko eta grabazioak bidaltzeko epea: urriaren 16tik 27ra (biak barne).

-Izena emateko epea amaitu eta astebetera finalera sartzeko jakinarazpena posta elektronikoz.

-Final handia, azaroaren 18an,12:00etan Zumaiena ikastetxeko DOMOan.

SARIAK
-Sari bakarra kategoria bakoitzean, eta hutsik geratu ahal izango da, epaimahaiak hala uste badu; berdinketa izanez gero, partekatu egingo da.

-Sari ekonomikoa laukote irabazlearentzat eta diploma. 17-21 urtekoetan, gainera, laukote irabazleak Pariseko Buffet Crampon lantegia bisitatzeko aukera izango du, baita 2024ko udan Zumaiako Nazioarteko Musika Jaialdiaren baitan kontzertu ordaindua eskaintzeko aukera ere.

-Epaimahaiaren erabakia eta sari banaketa, lehiaketa amaitzean egingo da, Sapere Aude Sinfoniettaren kideek Gerald Finziren 5 Bagatelle klarinete eta soka laukotearen obra interpretatu ondoren.

EPAIMAHAIA ETA BALORAZIO IRIZPIDEAK
Urval Ensemble, ZUMB, Nazioarteko Musika Jaialdia eta irakasle adituak izango dira epaimahaiko kideak, eta, besteak beste, oso kontuan hartuko dira aurkeztutako lanaren originaltasuna, klarinete ezberdinen erabilera eta, hala nola, agertokian erakutsitako jarrera.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide