Bihar zabalduko dute Aita Mari aretoko oihal berritua antzerki denboraldiari ekiteko. Ostiralean hasi eta datorren maiatzera bitartean, makina bat aukera izango da barre egiteko, baita negar malko batzuk botatzeko ere; irudimenaren olatura igo edo musikaren laguntzarekin abesteko eta gorputza mugitzeko parada ere izango dute Zumaiako eta inguruko herrietako antzerkizaleek.
2023-2024 antzerki denboraldiko lehen hiruhilekoa hasteko, Vaiven antzerki konpainaren Familia sarekada antzezlana aukeratu du Zumaiako Udaleko Kultura sailak. "Inorekin ez fidatzeko moduko komedia" moduan definitu dute antzezlana haren egileek. Komedia bakarrik ez, intriga puntu bat ere baduela esan du Miriam Romatet udaleko kultur teknikariak. "Sare sozialei eta gezurrei buruzkoa da. Atzera eta aurrera egiten du; umorea badu, baita kritika ere. Bukaerak, gainera, sorpresa eragiten du", azaldu du. Zumaiako saioan, gainera, herriko aktore bat izango da oholtza gainean. «Bagenekien Inazio Tolosa ere antzezlan horren parte zela, eta Zumaian hura egotea eskatu genuen». Obra hori 20:00etan eszenaratuko dute, Aita Mari aretoan.
Ohi bezala, haurrentzako antzezlan bat ere izango da asteburu berean. Kasu honetan, Jazzbana Ensembleren Bidai on, Amona Braulia! obra ikusteko aukera izango dute igandean, 12:00etatik aurrera, Aita Marira bertaratuko diren haurrek zein helduek. Izan ere, kultur teknikariak nabarmendu nahi izan du familia osoarentzako moduko lanak direla igande eguerdietan eskaintzen direnak. "Sarritan, umeentzako antzezlanak oso gozagarriak izaten dira helduentzako ere. Ahal dela, gurasoak, izeba-osabak, anai-arrebak, etortzera gonbidatzen ditugu, ez bakarrik umeek ere goza- tzen dutelako ondoan familiako kide bat izanda, baizik eta obrek beraiek merezi dutelako". Denboraldi hasierarako musikal bat aukeratu dute. "Musika lagun, ipuin kontaketa antzeztua da". Bi antzezlanetarako sarrerak, baita hurrengo saioetarakoak ere, aurrez salgai daude sarrerakzumaia.eus atarian.
Programazio orekatua
Ahalik eta programazio orekatuena proposatzen saiatzen direla ere azaldu du Romatetek. "Saiatzen gara programazioa orekatzen, publiko aldetik jendea erakarriko duten antzezlanak aukeratzen; hemen, ia beti, komediek dute arrakasta handiena, eta aurpegi ezagunak badituzte, zer esanik ez. Baina, horiekin batera, bestelako obrak ere programatu nahi ditugu. Abangoardiak edo ausartagoak diren antzezlanen adibideak ere izango ditugu Aita Marin". Publikoari deia ere egin nahi izan dio kultur teknikariak. "Antzezlanak ekartzen ditugu, eta batzuetan pena ematen digu jendeak ez erantzuteak. Gogorarazi nahi dugu oholtza gainean ere pertsonak daudela, eta toki bat hutsik ikustea baino gauza tristeagorik ez dagoela".
Euskal Herri osoko –"ez Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak bakarrik"– konpainien lanek osatzen dute Zumaiako eskaintzaren bizkarrezurra. "Gutxienez hilero bi antzezlan izaten dira, helduentzako eta haurrentzako bana, eta ia denak euskaraz. Urtarrilean bai, obretako bat gaztelaniaz izango da. Normalean, urtean bat-edo izaten da gaztelaniaz, ez gehiago. Euskal konpai- nien lanen kasuan, euskaraz izaten dira. Izan ere, euskal konpainiak guk programatzen ez baditugu, nork programatuko ditu?". Romatetek ederki ezagutzen du euskal antzerkiaren panorama, eta haren ustez, sektore hori "oso osasuntsu" dago. "Sormen aldetik, konpainia asko daude; betikoak, baina baita berriak ere, eta ohitura daukate urtean behin ez bada, bi urtean behin obra berriak sortzeko. Sormena badago; akaso, obra horiek erakusteko plazak falta dira. Azken finean, euskal antzerkiaren eremua mugatua da".
Egitaraua urritik abendura
Urriak 20, ostirala.
Vaiven konpainiaren Familia sarekada, 20:00etan.
Urriak 22, igandea.
Jazzbana Ensembleren Bidai on, Amona Braulia!, 12:00etan.
Azaroak 10, ostirala.
Tanttakaren Ez naiz inoiz Dublinen egon, 20:00etan.
Azaroak 12, igandea.
Anita Maravillasen eta Portal 71ren Andereño, 12:00etan.
Abenduak 15, ostirala.
Txaloren Kanpora sartzen, 20:00etan.
Abenduak 17, igandea.
Xepeta produkzioen Tomaxen abenturak: Misterioa ikasgelan, 12:00etan.
*Guztiak Aita Mari aretoan.