Liburutegiko administraria zara berez, baina zeregin askotan ezagutu zaituzte herritarrek...
Herri txikietako libururegietan denetarik egin behar izaten da. Aurreneko egunetik haur liburutegian hasi nintzen lanean; helduenean, berriz, Josu Egaña liburuzaina egoten zen. Azken urteetan, ordea, beste lanpostu bat sortu dute, eta egun, umeen liburutegian oso gutxi egoten naiz. Oso polita da umeak aurreneko aldiz etortzen direnean edo eskolako bisitak datozenean. Liburutegia eta liburuak aurreneko aldiz ikustean, oso harrituta gelditzen dira, ilusio handiarekin. Baina helduenean egotea ere asko gustatzen zait.
Forondan hasi, eta gero, Alondegira. Aldaketa handia...
Gozada izan zen Forondan lan egitea, oso toki berezia delako; ipunetako gaztelutxoa dirudi, eta barrutik ere oso goxoa zen, dena egurrezkoa, bista eta lorategi haiekin... Aldaketa egin zen irisgarritasunagatik eta leku gehiago emateko liburutegiari. Oso ondo dago Alondegia ere, baina eraikina hotzagoa da, eta hasieran dezente kostatu zitzaidan.
Alondegia irisgarriagoa izanik, nabaritu da erabiltzaile kopuruan?
Bai, hasieratik. Adibidez, udan, askoz udatiar eta erromes gehiago etortzen da Alondegira. Edadetuetan ere nabaritu genuen; badakizu oso tipikoa dela egunkaria liburutegian irakurtzea.
Bestalde, lehen haurrek-eta liburutegian aurkitzen zuten informazioa, eta orain, Googlen, ala?
Aldaketa handia sentitu dugu alde horretatik, bai. Aurreneko urteetan, haur mordoa etortzen zen eskolako lanak egiteko hiztegiak eta entziklopediak kontsultatzera. Gero, Internet eta Google-n agerpenarekin, urte dezente da apenas kontsultatzen direla halakoak. Aldi berean, ordea, ordenagailu dezente ditugu, baita inprimagailuak ere, eta zerbitzu oso garrantzitsua da herritarrentzat. Izan dira urte batzuk non askok ez zuten ordenagailurik edo wifirik etxean. Aldaketa handia izan da, baina informazio bila beti jarraitu izan du jendeak liburutegira jotzen.
Irakurzaletasunari dagokionez, asko aldatu dira herritarren ohiturak?
Ohiturak aldatu dira, baina irakurzaletasunak jarraitzen du. Lehen guztia paperean irakurtzen zen, eta orain, asko pantailetan. Lehen herri bakoitzak bere materiala zuen, baina urte asko daramagu sarean funtzionatzen Euskal Autonomia Erkidegoko liburutegi ia denok, eta hala, beste herrietan dauden liburuak ere irakur daitezke. Mugimendu handia dago hor, eta nire lanaren zati handia horri dedikatzen diot.
Zerk du arrakasta gehien gaur egun?
Nobela beltzak; badirudi joera orokorra dela hori. Erabilerari dagokionez, ikastetxeetan agintzen dituzten liburuak asko mailegatzen dira.
Ipuin kontaketak, liburu aurkezpenak eta halakoak ere egiten dituzue. Horiek nolako harrera dute?
Saiatzen gara ipuin kontaketak sarritan antolatzen, eta horiek arrakasta handia izaten dute. Musikatuak egin izan ditugu, baita ilustratzaileekin ere... Eta helduen liburutegian aurkezpen eta solasaldiak egiten ere hasi gara. Horrez gain, nahiz guk ez antolatu, irakurle taldea ere badago herrian, Irakurri Matte.
Oroitzapen mordoa izango duzu. Zein dira politenak?
Hasierako garaiez gogoratzen naiz, nola Eulalik eta Ferminek zaintzen zuten jauregia, lorategiak... Etxe barrua landarez beteta edukitzen zuten. Familia giroa, goxotasuna ematen zioten. Harreman handia egin genuen haiekin. Bestalde, liburutegian hasieran dena eskuz egiten genuen: Josuk liburu bakoitzaren fitxa eskuz egiten zuen, eta nik makinaz pasatzen nuen, kar-kar. Lan asko zen, baina xarma handia zuen. Polita den beste gauza bat da Forondan ezagututako ume asko gaur egun beren seme-alabekin etortzen direla Alondegira; hunkigarria egiten zait.