Erretratua

Lurrak eta urak aztergai

Intza Trula 2023ko urr. 22a, 13:00

Ilustrazioa: Karmele GorroƱo.

Ikasketak amaitu aurretik hasi zen kutsatuta egon daitezkeen lurrak eta lurrazpiko urak aztertzen Esti Garcia. Unibertsitate garaian Geolan enpresarekin hasi zen mundu hori ezagutzen bekadun modura, eta jada hemezortzi urte daramatza bertan. Urriko BALEIKE aldizkariko erreportajea da honakoa.

Ez da egunerokoan maiz entzun ohi den lanbidea Esti Garciarena, kutsatuta egon daitezkeen lurrak eta lurrazpiko urak aztertzea baita bere ogibidea. Hasiera batean Bizkaiko enpresa batean hasi bazen ere, argi zuen familia bat osatu eta etxekoengandik gertu lan egin nahi zuela, eta gaur egun Donostiako enpresa batean dihardu lanean.

Unibertsitate ikasketak hautatzerako orduan, beste gazte askok bezala, buruan hainbat aukera ibili zituen Garciak, baina azkenerako, geologia ikasketak egitera animatu zen; Leioako (Bizkaia) kanpusean egin zituen bost urte, eta azkenaurreko ikasturtean izan zuen lur kutsatuen azterketaren berri: "Geolan elkartearekin batera enpresa ezberdinentzat lanak egiten genituen, eta horietako batean gure lurraldean potentzialki kutsatuak egon zitezkeen lurren inbentarioa egiteko aukera suertatu zitzaigun". Ez zion ezetzik esan aukerari, eta bekadun modura inbentario hori egiten hasi zen zumaiarra. Hala hasi zen lan mundua ezagutzen, pixkanaka-pixkanaka esperientzia irabazten joan zen, eta hemezortzi urteren ostean oraindik ere ogibide duen esparrua ezagutu zuen. 

Industria enpresa edo tailer batek bere jarduera amaitzen duenean, hango lurren eta lurrazpiko uren inguruko azterketa egiten du Garciak, "datorrenaren osasunerako edo ingurumenerako arriskutsua izan daitekeen ala ez jakiteko". Lehen pausoa lurra eta lurrazpiko ura kutsatuta dauden edo ez jakitea dela azaldu du zumaiarrak, eta horretarako zundaketak egiten dituztela: "Lurrean zuloak egiten ditugu, ondoren lur laginak atera eta laborategira bidaltzeko". Jarraian, laborategian aztertzen dituzte laginak, eta emaitzak jasotzen dituztenean txostenak osatzeari ekiten diote Garciak eta bere lantaldeak. Egitekoak ez dira hor amaitzen, ordea; izan ere, txostenak Eusko Jaurlaritzara bidaltzen dituzte amaitu bezain laster, beste ebaluaketa bat egiteko. Hori horrela, ikerketaren emaitzak araudiaren parametroen barruan sartzen badira, ziurtagiri bat jasotzen du eremuak, "hurrena datorrenak beste zerbait eraikitzeko baimena" duela ziurtatzen duena. Aitzitik, eremua kutsagarria bada, neurriak hartzen direla zehaztu du Garciak: "Indusketa egiten dugu, eta ateratako lurraren ondoren berriz ere laginak hartzen ditugu, indusketarekin kutsadura joan den ala ez jakiteko". Orobat, lurrazpiko uraren jarraipena ere egiten dutela gaineratu du zumaiarrak, "lurra kutsatuta baldin badago, urak kutsadura hori zabaldu duen ala ez jakin behar delako", hain zuzen ere. 

Ez gara egun batetik bestera amaitzen diren lanez ari; ikerketa prozesuarekin hasten diren momentutik Eusko Jaurlaritzara txostena bidaltzen duten arte bi-hiru hilabete pasatzen direla azaldu du Garciak, baina ondoren bertan daukaten arazoaren inguruan ere mintzatu da: "Eusko Jaurlaritzan teknikari gutxi daude lanean, eta urtean 200 txosten inguru jasotzen dituzte; beraz, atera kontuak". Dagoen lan kargarako "langile gutxi" daudela iritzi dio geologoak, eta txostenak Eusko Jaurlaritzara iristen direnean prozesua "geldotu" egiten dela dio, langile falta horrengatik. Geologoez gain, fisikariek eta ingeniariek ere osatzen dute prozesu honetako taldea, besteak beste.

Zabortegiak

Aztertzeko eremurik zailenak zabortegiak eta industria zaharrak direla azaldu du geologoak. "Zabortegi zahar batzuek ez dute gaur egungoek duten iragazgaiztasuna eta jarraipena", kontatu du Garciak. Horrez gain, 40 metro sakonerako hondakinak dituzte batzuk, eta "horiek ikertzea oso garestia eta zaila da", protagonistaren esanetan. "Gaur egun industria enpresa berri bat eraikitzeko baimenak ez dira lehen bezain erraz ematen; kareharria eta kobazuloak egon daitezkeen eremuetan, adibidez, guztiz debekatuta dago eraikitzea", esan du zumaiarrak. 

Gori-gori dago azken urteetan zabortegien gaia, eta herritar askok du zabortegien inguruko kexa. Inork bere etxe ondoan zabortegi bat nahi ez badu ere, gaur egun dagoen zabor guztia kudeatzeko beharrezkotzat jotzen ditu Garciak: "Erabat ulertzen dut jendearen jarrera, baina gaur egun ez dugu zaborra beste era batera kudeatzeko teknologiarik". Gainera, zaborraren gaia asko lantzen ari direla aipatu du, eta zabor hori beste produktu batean bihurtzea dela asmoa, baina, "oraintxe bertan posible izan ez arren" bere esanetan: "Industriek zabor ugari sortzen dute, eta hori nola edo hala kudeatu beharra dago", iritzi dio. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoan beste leku batzuetan baino lanketa eta jarraipen handiagoa egiten dela dio geologoak, baina herritarrek gaiaz duten jarrera ere garrantzitsua dela iritzi dio: "Garrantzitsua iruditzen zait sozialki presio bat egotea honen inguruan. Lan handia dago oraindik egiteko".

Ikasteko grina

Geologia ikasketak egin arren, Garciak izan omen zituen buruan bueltaka beste bi aukera garbi unibertsitateko karrera aukeratzerako orduan, arlo guztiz ezberdinak gustatzen zitzaizkiolako gaztetan: alde batetik, kirolarekin lotura zuen zerbait ikastea pentsatu izan zuen, beti gustatu izan baitzaio kirol guztiak probatzea. Eta, bestetik, Haur Hezkuntza: "Beti pentsatzen dut lanik gabe geratzen banaiz Haur Hezkuntzako irakasle izateko ikasketak egingo ditudala", azpimarratu du Garciak. 

Aitortu du, gainera, hasiera batean Geologia ikasketak amaitutakoan bere asmoa zela institutuko irakaslea izateko ikasketak egitea, baina "hain gazte diru sarrerak ikusten hasitakoan" alboratu zuen erabakia. Hala eta guztiz ere, ez du guztiz baztertzen ideia: "Agian ez naiz inoiz Haur Hezkuntzako irakasle izango, baina formatuko nintzateke, asko gustatzen baitzait", aitortu du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide