Pasa den astean aurkeztu zuten urriaren amaieratik aurrera Gernika Jai Alai frontoian jokatuko den Winter Series zesta punta txapelketa. Bertan arituko diren zazpi bikote iragarri zituzten orduan. Zortzigarrena zein izango den gaur jakingo da. Izan ere, Pro AM txapelketako finala jokatuko da gaur 19:30etik aurrera Aitzuri frontoian (22:30etik aurrera, ETB-1en). Bikote irabazleak Gernikako txapelketarako txartela eskuratuko du.
Pasa den ostegunean Aitzuri bertan jokatu ziren finalerdietako irabazleak izango dira gaur lehian. Cosme Agirre zumaiarrak eta Bailo noaindarrak osatutako bikotea alde batetik, eta Arbek eta Mancik osatutakoa bestetik. Biek ala biek 2-0 emaitzarekin irabazi zituzten beraien partidak.
Lau pilotarietatik bakarrak daki zer den Winter Seriesa jokatzea, Arbek, hain zuzen ere: lehen edizioa jokatu zuen Imanol Lopez atzelari zuela. Beste hirurek ere izango dute sentsazio hori bizitzeko grina.