Winter Serieserako txartelik gabe geratu da Cosme Agirre zumaiarra

Juan Luis Romatet 2023ko urriaren 24a

Partidako irabazleak Iñaki Ostolaza alkatearekin eta Iñaki Osa Goikoetxearekin. (Guk Jai Alai)

Pro Am txapelketako finala jokatu zuten atzo Aitzuri frontoian. Cosme Agirrek eta Bailok ezin izan zieten irabazi Arbe eta Manciri eta, ondorioz, azken hauek eskuratu dute Gernikan jokatuko den txapelketarako zortzigarren eta azken txartela.

Datorren astelehenean hasiko da Gernikan Winter series zesta punta txapelketa. Pasa den astean iragarri zituzten bertan parte hartuko duten zortzi bikotetatik zazpi; zortzigarrena azken egunotan Zumaian jokatu den Pro Am txapelketa laburrean erabaki da. Iragan ostegunean jokatu ziren finalerdiak eta atzo iluntzean finala.

Bi bikote txartel bakarraren bila; bi bikote onenekin aritzeko gogoarekin. Arbe eta Manci batetik, gorriz, eta Cosme Agirre zumaiarra eta Bailo nafarra bestetik, azken hauek urdinez. Gorriak ziren ustez faboritoak, baina urdinek estu jarri dizkiete gauzak. Partida berdindua izan da atzo Aitzurin jokatutakoa, emozioa ere izan da, eta Zumaiako pilotalekura bertaratutako pilotazaleek lehia polita ikusteko aukera izan dute. 

Lehen setean aurretik izan dira Agirre eta Bailo, eta 5-8 emaitzarekin agintzen egon dira. Gorriek, baina, erreakzioa izan dute eta hamaikana berdindu ondoren, 15-12 emaitzarekin irabazi dute lehen seta. Bigarren jokoan azkar jarri dira aurretik Arbe eta Manci (6-3). Agirrek eta Bailok, ordea, ez dute partida oparitu nahi izan, eta zortzina berdindu eta gero, aurretik jartzeko gaitasuna izan dute (8-9, 11-12). Azken tantoetan, baina, nagusi izan dira gorriak eta 15-13 emaitzarekin amaitu da seta, eta 2-0 emaitzarekin partida Arbe eta Manciren alde. Ondorioz, beraiek arituko dira datorren astelehenetik aurrera Gernika Jai Alai frontoian.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide