Zumaiako Kirol Patronatua desegiteko lehen urratsak eman zituen atzo Zumaiako Udalak. Ostegun arratsaldean egindako urriko ohiko udalbatzak desegite prozesua abian jartzea erabaki zuen bilkuran izan ziren hamabost zinegotzien aldeko botoekin.
Asier Arakistain (EH Bildu) zinegotziak azaldu zuenez, pasa den agintaldian sortu zen Kirol Patronatua desegin eta hark eskaintzen dituen zerbitzuak udalak bere gain hartzeko asmoa edo ideia. Dena ondo bidean, abenduaren 31n amaitu da patronatu honen ibilbidea, eta orduan hartuko ditu udalak haren kontu eta kontabilitateak, zerbitzuak eta betebeharrak. Kirol Patronatuak dituen langileak ere subrogatu egingo dituztela adierazi zuen Arakistainek.
EAJko Ander Olaizolak esan zuen bera kide den udal taldea "bidelagun izango" duela prozesu honetan. Hala ere, kritika batzuk ere egin zizkion udal gobernuari. Gogoratu zuen Kirol Patronatua dinamikoagoa izateko jaio zela gaur egun udal gobernua osatzen duten alderdien eskutik, baina helburuak ez dituela bete. "Herriko kirol taldeei ere ez die onurarik ekarri", adierazi zuen Olaizolak, eta desegite prozesua presaka egin izana ere kritikatu zuen. "Hausnarketa sakonagoa egitea eta batzorde desberdinetara eraman beharko litzatekeela uste dugu", gaineratu zuen. Hori hala izanda ere, jeltzaleen aldeko botoa iragarri zuen zinegotziak.
Proposamena hamabost aldeko botoekin onartu zen: EH Bilduren zortzi, EAJren sei eta PSE-EEren bat. Behin proposamena onartuta, hilabeteko epea zabalduko da errekurtsoak aurkeztu ahal izateko.
Bi mozio Bilboko manifestazioaren atarian
Oldarraldiaren aurrean, Euskararekin bat, euskaraz bat lelopean azaroaren 4an Bilbon egingo den manifestazioaren atarian, bi mozio aurkeztu eta bozkatu ziren atzoko plenoan. UEMAk prestatutakoa eraman zuen udal gobernuak plenora, eta EUDELena, jarraian, EAJren udal taldeak.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Eusko Jaurlaritzaren 179/2019 dekretuaren zenbait artikulu baliogabetu ondoren, udaletan irakurri eta bozkatu ahal izateko adierazpen bat igorri zuen UEMAk. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen ustetan, epai hauek "traba dira urteotan euskara sustatzeko bidean adostasun handiz eraiki den orubearentzat". Gaineratu zuenez, auzitegi honek, epai honen bidez, "euskara lehenestearen aurka egin du, gaztelania baztertzea delakoan. Ez da halakorik: minorizatutako hizkuntza aurrerabidera eramatea da, eskubide guztiak bermatzeko". "Euskararen aurkako oldarraldia eten" egin behar dela esanaz, UEMAk Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako manifestazioarek bat egin duela azaldu zuen, eta adierazpen honen bidez Bilboko mobilizazioan parte hartzera animatu zituen.
Proposamena EH Bilduren (zortzi) eta EAJren (sei) aldeko botoekin onartu zen; PSE-EEk (bat), aldiz, kontra bozkatu zuen.
PSE-EEren ezezkoa
Duñike Agirrezabalaga zinegotziak arrazoitu zuen bere aurkako bozka. "Benetan hizkuntza bakarra maite duenak, denak maitatzeko gai" izan behar duela esan zuen sozialisten bozeramaileak, eta aipatu zuen gure gizartea, "eta zumaiarrak ere", "multikulturala, askotarikoa eta anitza" dela. Bere esanetan, Auzitegi Nagusiaren sententzia ez doa euskararen normalizazioaren aurka. "Sententzia honetan gaztelaniaren bazterketa normalizatzearen aurka daude". "Epai horiek ez dute eragozten euskararen erabilera modu 'nagusian' sustatzeko neurriak garatzen jarraitzea. Eta sozialistok, horregatik uste dugu mozio honek egiten duen interpretazioa ez dela oso teknikoa, oso politikoa baizik, eta oso alderdi politikoen interesena", nabarmendu zuen. "Euskara inklusiboaren alde bai, baina ez gaude gaztelania estigmatizatzearen eta baztertzearen alde", amaitu zuen Agirrezabalagak.
EAJk aurkeztutako adierazpena
EAJren udal taldeak, jarraian, EUDELek prestatu eta Zumaiara egokitutako adierazpena aurkeztu zuen. Mozio horretan, oso larritzat jotzen da EAEko Justizia Epaitegi Nagusiak hartutako epaia, "toki-autonomiaren" aurkakoa izateaz gain, "hizkuntza arloko udal-eskumenen garapen osoa mugatzen" duelako. Zentzu horretan, idatzian irakurri daitekeenez, "Zumaiako Udalak bereziki larritzat jotzen du euskara erabilera normal eta orokorreko zerbitzu- eta lan-hizkuntza dela aintzat jotzen duten dekretuaren artikuluak baliogabetzea". Kaltetuenak, "euskara gehien erabiltzen den eta ohiko hizkuntza den udalerrietako herritarrak" direla ere jasotzen du EAJk plenoan aurkeztutako adierazpenak, eta manifestazioarekin bat egiteaz gain, zumaiarrei bertara joateko gonbidapena ere egiten die.
Bigarren adierazpen hau ez zen aurrera atera: EAJren aldeko sei boto izan zituen; EH Bilduk (zortzi) eta PSE-EEk (bat) aurka bozkatu zuten. Ezezkoaren atzean "forma akats" bat zegoela argudiatu zuen EH Bilduk. Haien esanetan, aurkeztutako mozioak EAJren logotipoa zeraman goialdean. "EUDELena eraman izan balu, alde bozkatuko genuke".