Santa Klarako Maite Manzisidorren proiektua saritua izan da Landa Ekin sarietan

Nerea Uranga 2023ko urr. 28a, 09:00

Landan Ekin sarien banaketa atzo. (Urkome)

Landan Ekin ekintzailetasuna eta elkarlana sustatzeko egitasmoaren lehenengo edizioko sariak banatu ditu Landaola Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioak. Guztira, 28 proiektu aurkeztu dira sarietara, eta dibertsifikazioaren ataleko saria jaso du Manzisidorren proiektuak.

Landan Ekin izeneko egitasmo berria sortu du Landaola Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioak, beste hainbat eragilerekin batera. Egitasmoaren helburua da landa ingurunearen dibertsifikazioan eta enplegu sorreran sakontzea eta lehen sektorea indartzea. Xede horrekin lehen sektoreko eta elikadura balio kateko pertsona fisikoei eta juridikoei, elkarteei edo eragileei zuzendutako Landan Ekin sariak sortu dituzte. Urriaren 11ra bitartean aurkeztu behar ziren sarietarako egitasmoak, eta guztira, 28 proiektu jaso dituzte.

Landaolak atzo banatu zituen sariak sei ataletan banatuta, eta atal bakoitzeko irabazleak 2.500 euroko saria jaso du, eta Rural Talent ataleko saritu bakoitzak 1.000 euro eta formazioa jasotzeko aukera. Landan Ekin sarien antolatzaileak gustura agertu dira, eta zoriondu egin dituzte parte hartzaile guztiak. "Lehenengo edizioa izateko proiektu kopuru handia aurkeztu da, eta gazteen eta emakumeen parte hartze handia izan da", esan du Landaolak.

Lehenengo sektore dibertsifikazioaren saria jaso du Zumaiako Santa Klarako Maite Manzisidorrek, esnekien salmenta zuzenari lotutako egitasmoarekin.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide