Errioa behin baino gehiagotan atera da Zumaian azken asteburu honetan itsasgorarekin. Irudi bitxiak ekarri ditu, baita kalteak eragin ere. Esaterako, udal zerbitzu batzuk eta herriko negozio batzuk argindarrik gabe daude, eta gune batzuk kale argiteririk gabe daude egun batzuetatik hona.
Udaltzaingoaren kasua da. Azaldu dutenez, ostiral arratsaldeko lehen orduetan joan zen argia eta ilunpean eta zerbitzua behar bezala eskaini gabe egon ziren Iberdrolako langileek gaueko 9:00etan behin behinekoz berriro argindar zerbitzua martxan jarri zuten arte. "Asteburuan argindarra joan eta etorri ibili da eta zerbitzua nolabait eman ahal izan dugu. Astelehenean berriro ondo jarriko zutela esan zuten Iberdrolakoek, baina gaur goizeko 6:00tan lanera etorri garenean berriro argirik gabe geuden", informatu dute Udaltzaingotik.
Atea zabalik dute, baina, adibidez, telefonoak ez dabiltzala diote. "Ordenagailuak ere ezin ditugu piztu, eta autoak –elektrikoak– ere ezin ditugu kargatu".
Argindar faltak eragin du negozio batzuetan ere. Hala, herriko taberna batzuk itxita daude, eta herriguneko gasolindegia ere itxita dago gaur ere punpa ez dabilelako. Gurrutxaga plazako gizarte zentroan (hogarrean) eta Foronda kultur etxean ere arazoak dituzte argindar erorketaren ondorioz. Aita Mari zineak ere saioak bertan behera utzi behar izan ditu argia erori delako.
Herriko kale eta gune batzuk ere ilunpean egon dira gauez kale argiteria ezin zelako piztu. Odieta kalearen edo Forondako aldaparen kasua da. Sagarbiden, GKN aurrean ere, arazo bera izan dute, baita parolaldean Baltasar de Etxabe kalean ere.
Deika aritu ondoren, eguerdi partean agertu dira Iberdolako langileak argindar arazoak konpontzera.
Inoiz ikusi ez aurretik
Azken bi hilabetetan espero ez den lekuetan atera dira errioak bere ibilgutik. Hala, Arroarreka ibaiak gainezka egin du bai irailean, bai urrian ere, Axular ibiltokian. Asteburu honetan Urola Trenbide pasealekuan eta Gernika parkean atera da, eta itsasgorarekin Arranpla inguruko kaleak ere urez bete dira. "Esan digute 50 urtean halakorik ez dutela hemen ikusi, eta bitan jarraian gertatu da orain", gaineratu dute Udaltzaingotik. Beldur dira etorkizunean ere arazo hauek errepikatuko direla.