Hastear dira tren geltokia eraberritzeko lanak

Juan Luis Romatet 2023ko urriaren 31

Hamabi hilabeteko iraupena izango dute geltokia eraberritzeko lanek. (Juan Luis Romatet)

Zumaiako tren geltokia eraberritzeko lanei ekingo die aste honetatik aurrera Euskal Trenbide Sareak. Irisgarritasuna hobetzea izango dute helburu nagusia lan hauek.

Aste honetan abiatuko ditu Euskal Trenbide Sareak (ETS) Zumaiako tren geltokia eraberritzeko lanak. Obrek 1.292.451 euroko aurrekontua izango dute, eta aurreikuspenak betetzen badira hamabi hilabeteko epean gauzatuko dira. Pasa den astean eraman zuten lanetarako materiala, baita etxola muntatu ere.

ETSk azaldu duenez, lanen helburu nagusia erabiltzaileen irisgarritasuna hobetzea da, "sarbideko azpiko pasabidearen ordez edukiera bikoiztuko duen eta nasetara igogailu eta eskailera finkoekin konektatuta egongo den beste bat eginez". Gaineratu duenez, "2,4 metroko zabalerako egungo azpiko pasabidearen ordez 5,00 metroko beste bat egingo da. Horrela, nasekiko konexioa igogailuaren edo eskailera finkoen bidez egin ahal izango da. Igogailuek zortzi pertsonentzako edukiera izango dute eta mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta egongo dira".

Geltokiko zoladura osoa ere aldatu egingo da, baita nasen eta eskaileren arteko azpiko pasabidearen egungo alikatatua ere. "Proiektuak argiteria aldatzea ere jasotzen du. Igogailuak instalatzeari esker, egungo arrapalak bete eta itxi ahal izango dira, eta baliogabetutako azalera arrapala gisa aprobetxatuko da, nasen azalera erabilgarria handitzeko". 

Geltokiaren erreforma ETSk argitaratutako Euskal trenbide sareko geltokiak genero-ikuspegiarekin diseinatzeko irizpideen Liburu Zurian jasota dauden sareko puntu beltzen azterlanean antzemandako gomendioak kontuan hartuta diseinatu dela ere argitu du.

Zumaiako tren geltokiak egunean, batez beste, 700 eta 2.500 erabiltzaile arteko trafikoa duela nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako zerbitzu honek. Gaur egun tren zerbitzua etenda dago Zumaia eta Zarautz artean; Bilborantzako bidean normaltasunez jarraitzen du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide