Giro ezin hobearekin jokatu zen atzo Gernika Jai Alai frontoian zesta puntako Winter Series txapelketako lehen jardunaldia. Sarrerak agortuta zeuden, eta pilotalekuko harmailak zaletuz gainezka egon ziren. Ikuskizun handi baten gogoz bertaratu ziren pilotazaleak frontoira.
A multzoko bi bikote neurtu ziren atzokoan: Iñaki Osa Goikoetxeak eta Lekerikak osatutakoa batetik, eta Erik eta Minvielle bestetik. Goikoetxeak eta Minviellek ez zuten aurkaririk izan lehen partidan. 5-0 emaitzarekin jarri ziren aurretik lehen setean. Atzo urdinez aritu ziren Erik eta Minvielle markagailuan hurreratu ziren (5-4), baina urre koloreko kamiseta soinean zuten Goikoetxeak eta Lekerikak ihes egin zuten berriro ere (10-4, 11-5 y 12-7). Lehen seta 15-8 emaitzarekin irabazi zuten Iñakik eta Unaiek.
Bigarren jokoko hasiera berdinduagoa izan zen (2-2, 4-4), baina hortik aurrera aldea zabaltzen joan ziren Goikoetxea eta Lekerika (10-4). 14-9ra hurreratu ziren Erik eta Minvielle, baina azken tantoa Goikoetxea eta Lekerikarentzako izan zen, eta 15-9 emaitzarekin irabazi zuten jokoa, eta 2-0ekin partida. Horren ondorioz, lehen lau puntuak lortu dituzte urrezko jokalariek.
Aurretik, lagunarteko partida jokatu zen, eta Gernikako frontoiko kantxan aritzeko aukera izan zuen Gonzalo Agirre zumaiarrek. Diazekin bikotea osatuta, Basterra eta Atainen aurka aritu zen. Ezin izan zuen garaipena eskuratu Agirre gazteak, partida 1-2 emaitzarekin amaitu zen eta Basterra eta Atainen alde.