Gaztetxola ezagutzeko aukera izan dute Itsasargi zerbitzuko onuradunek

Juan Luis Romatet 2023ko azaroaren 1a

Itsasargi programako onuradunak Gaztetxolan. (Udaleko Gizarte Zerbitzuak)

Azken marea biziek herrian eragindako argindar mozketen ondorioz Gurrutxaga plazako gizarte zentroko igogailua ez da martxan izan aste hasieran. Hala, Itsasargi zerbitzuko onuradunak Gaztetxolan egon dira bi egunez.

Oraindik ere guztiz konpondu gabeko argindar mozketak izan dira herrian azken marea bizien eraginez. Ondorioetako bat Gurrutxaga plazako gizarte zentroan (Hogarrean) pairatu dute, egun batzuetan bertako igogailua martxan ez zebilelako. Itsasargi zerbitzuko onuradunak izan dira kaltetuetako batzuk: hogarreko igogailua erabili ezin izan dutenez, Kantauri plazako Gaztetxolan izan dira pare bat egunez.

Herriko gazteei eskaintzen zaien zerbitzu hau ez zuten ezagutzen, eta Gaztetxolako gunera egokituta beste jarduera batzuk egin eta herrian gaztetxoentzat dagoen zerbitzua ezagutzeko aukera izan dute. Dena ondo bidean, ostegunetik aurrera gizarte zentroko bigarren solairuan elkartuko dira berriro.

Udaleko Gizarte Zerbitzuek hauskortasun egoeran dauden adinekoei zuzentzen dien zerbitzu bat da Itsasargi. Astelehenetik ostiralera 10:30etik 12:30era biltzen dira, eta pertsona baten laguntzarekin hainbat jarduera egiten dituzte mendekotasun egoerak atzeratzeko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide