IRITZIA

Etxape Zentro Sozialista

Mikel Goitandia 2023ko azaroaren 4a

Etxape Zentro Sozialista (Gedar.eus)

Etxape Zentro Sozialistaren inguruko iritzi artikulua idatzi zuen Mikel Goitandiak urriko Baleike aldizkarirako.

Azaroaren 8an urte bat beteko da Etxape Zentro Sozialistaren irekiera iragarri genuenetik, urte luzez hutsik egon den espazio horri bizia eman genionetik. Hilabete beranduago, abenduaren 15ean, Zentro Sozialista egonkortzea lortu zela jakitera eman genuen, espazioaren erabilerarako akordio batera iritsi ostean. Aurkezpena, aldiz, apirilaren 6an egin genuen, emozioz beteriko hilabete luze eta gogor horietan zehar gertu izan genituen pertsonen babesean. Ordutik hona, hainbat jarduera eta ekimen antolatu ditugu, eta lehen proiektuei hasiera eman diegu.

Hala ere, aurrera egin aurretik Zentro Sozialistak zer diren, zein helburu duten eta bertan zein jarduera garatzen diren azaltzen saiatuko naiz, labur-labur. Izan ere, behin eta berriz galdetu izan digute ea zer demontre diren Zentro Sozialistak, zertarako behar ditugun espazio hauek, euren artean zer lotura dagoen… Motzean, esan genezake Mugimendu Sozialistaren egoitza politiko eta sozialak direla. Politikoak dira, batetik, zereginak, bilerak eta barne-lanak egin ahal izateko ezinbesteko espazioa direlako eta, bestetik, sozialak direla diogu gure jardueraren erakusleiho ere badirelako. Horrela, gure erreferentzia-puntu nagusi ere badira, oinarri sozialarekin topatzeko espazio bat, edota interesa duen oro bertaratzeko toki bat.

Bestetik, Etxape zein gainontzeko Zentro Sozialisten sorrera testuinguru jakin batean ulertu behar dugu: krisi kapitalista garaian. Langileriaren bizi-baldintzak egunetik egunera ari dira okertzen, eta eskubide politikoen galera ere etengabea da. Testuinguru horretan, beharrezkoa da baldintza horiek defendatzeko borrokak abiatzea. Krisiak gogorren kolpatu dituen gizarte-sektoreen pobretze orokorrari aurre egin eta egoera horri buelta emateko hainbat lan-lerro jartzea dute helburu Zentro Sozialistek. Proiektu horiek, ordea, ez dira modu asistentzialista batean ulertzen, langileriaren antolakuntza gaitasunak indartzea xede duten tresna gisa baizik, ekoizpen eredu kapitalista gainditzeko prozesura lotuta daudenak.

Etxapen ere, pixkanaka-pixkanaka, ari gara miseria garaitan borroka ehuntzen, eta dagoeneko abiatu ditugu ekimen ezberdinak. Esaterako, inoizko ikasturte hasierarik garestiena izaten ari den honetan, eskola-material bilketa antolatu dugu, beharra duten familientzat. Bestetik, errefortzu eskolak izango genituzke, eskolaz kanpoko hezkuntzarako sarbidea ez dutenei zuzenduta dagoen proiektua, langile-klasearen elkarlaguntza eta defentsa oinarri dituena. Horrez gain, maiatzetik abian da Aholkularitza Bulegoa, orain arte Laneko Autodefentsa Sareak baliatu duena; aurrerantzean, ordea, irail amaieran aurkeztu berri den Etxebizitza Sindikatuak ere erabiliko du. Bertan, soldatapeko lanari eta etxebizitzari lotutako arazoak eta gehiegikeriak pairatzen ari direnei arreta eskaintzen zaie, zalantzak argitu eta babesa eman ahal izateko.

Hemendik aurrera ere horretan jarraituko dugu, langileriaren antolakuntzarako baldintzak sortzen, bizi-baldintzen eta eskubide politikoen aurkako ofentsibari aurre eginez. Gorrotoaren inpotentzia nagusitzen ari den garaiotan antolakuntzaren potentzia garatzea dagokigu, mundu berri baten aldeko grina hedatzea, apatiaren aurrean itxaropena gailendu dadin.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide