Imanol Lopezek ezin izan du garaipena erdietsi Winter Serieseko partidan

Juan Luis Romatet 2023ko azaroaren 7a

Lopez eta Johan atzoko partidako une batean. (Eraman!)

B multzoko lehen partida jokatu zen atzo leporaino bete zen Gernika Jai Alai frontoian. 2-1 emaitzarekin galdu zuten Johan eta Lopezek Erkiaga eta Ibarluzearen aurka.

Winter Series txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zen atzo Gernikako Jai Alai frontoian. Zaleek erruz erantzun zuten: 1.800 lagunek bete zituzten pilotalekuko harmailak ikuskizunaz gozatzeko asmoz. B multzoko lehen partida izan zen atzokoa. Ustez, multzoko bi bikote indartsuenak kantxaratu ziren atzo: Johan lapurtarra eta Imanol Lopez zumaiarra batetik, Erkiaga eta Ibarluzea bizkaitarra bestetik.

Arrosa koloreko kamiseta soinean zeramaten Erkiagak eta Ibarluzeak ez zuten aurkaririk izan lehen setean. 3-0 emaitzarekin jarri ziren aurretik, eta hortik aurrera aldea zabaltzen joan ziren (7-2, 10-2, 11-3, 12-4). Lehen jokoa 15-6 emaitzarekin amaitu zen bizkaitarren alde. Aipagarria da Erkiagak erakutsitako jokoa: 15 tantoetatik 9 berak egin zituen.

Bigarren setean hobeto aritu ziren Johan eta Lopez, eta markagailuan aurretik jarri ziren (2-4, 3-5). Arrosak, baina, ez zeuden seta erregalatzeko asmoarekin eta bosna berdindu ondoren, 6-5 jarri ziren aurretik, 8-6 ere bai. Berdinketa ugari izan ziren jarraian: 11-11, 12-12, 13-13 eta 14-14. Azken tantoan dominatzen izan ziren bizkaitarrak, baina Johanek eta Lopezek eskuratu zuten azken tantoa eta ondorioz jokoa

Set laburrean erabaki zen partida. Zortea aldeko izan dute lehen bi tantoetan Erkiagak eta Ibarluzeak, eta jokoa 5-2 emaitzarekin irabazi dute. Partida, berriz, 2-1ekin.

Partida 2 set eta 1 bukatu denez, 3 puntu Erkiaga-Ibarluzearentzat izan dira eta puntu bat Johan eta Lopezentzak. Tanto-averagea, 10 tantokoa, batzuen aldeko eta besteen kontrarako. Johanek eta Lopezek beste bi partida dituzte, gaurko porrotari buelta emateko: Laduche eta Gorkaren aurka abenduaren 4an eta Arbe eta Manciren kontra abenduaren 18an.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide